Sexare aholkularitza zerbitzua martxan dago Gazte Informazio Bulegoan
Gernika-Lumoko Udalak Sexare aholkularitza zerbitzua martxan jarri du, berriro. Hala, sexua eta sexualitatearen bizipenerako modu onuragarriak bilatzeko zerbitzua emango dute Kultur Etxeko Gazte Informazio Bulegoan.
Sexare udal zerbitzuagaz, Gernika-Lumoko herritarrei modu partikularrean ezagutzen eta onartzen laguntzen dietela azaldu dute arduradunek, bai eta herritarrekin harremanak izateko modu onuragarrienak bilatzen laguntzen dietela ere.
Orain dela hamar urte jarri zuten abian Sexare, eta denbora tarte horretan 223 pertsona pasatu dira gazteentzako udal aholkularitza zerbitzutik: 126 emakume eta 97 gizonezko. Gernika-Lumoko Udalak jakitera eman duenez, 15 eta 56 urte bitarteko herritarrek jaso dute informazioa denbora horretan. Izan ere, gazteei zuzendutako zerbitzua den arren, familiak eta profesionalak ere bertaratu dira.
Urtero kasu desberdinak egoten direla aitortu dute zerbitzuko kideek; hala ere, desioa, sexua, sexu harremanak, plazerra edo plazer eza dira gazteen artean gehien jorratzen dituzten gaiak. Familiekin eta profesionalekin, berriz, gazteen heziketari buruzko gaiak lantzen dituzte.
Horiez gain, Sexare zerbitzuaren arduradunak adierazi du udalerriko beste 160 gaztek jasotzen dutela sexua eta sexualitatearekiko informazioa udalerriko ikastetxeetan egiten diren Sexuen heziketa programen bidez.
Orientazioa bideratzeko bi eredu. Kontsulta eredua eta teknologia eredua dira zerbitzu hau eskaintzeko udalak baliatu dituen bi erak. Izan ere, herritarrek aurrez aurreko arreta edota korreo elektroniko edota mezu bidezko arreta dute gustuko.
Kontsultara joan nahi duenak astearteetan 18:00etatik 19:30ak bitartean izango du hori egiteko aukera Gazteentzako Informazio Bulegoan. Teknologia berriei esker, aholkularitza zerbitzua emateko bide berriak ere zabaldu dira. Hala, korreo elektroniko, mezu edota bideokonferentzia bidezko arreta jaso ahal izango dute herritarrek.
Sexare zerbitzuagaz harremanetan jartzeko 644 89 96 61 eta 94-627 02 15 telefono zenbakiak jarri dituzte martxan, bai eta sexare@yahoo.es korreo elektronikoa eta Orientazio.zerbitzua Skypeko kontua.