Izaera anitza aldarrikatuz
53. Durangoko Azokaren irudia eta leloa aurkeztu dituzte. «Da!, asko dira!» lelopean, abenduaren 5etik 9ra egingo dute. Txakur Gorria kolektiboak jarri dio irudia aurtengo azokari53.era heldu da Durangoko Azoka. Abenduaren 5etik 9ra egingo dute, Da! ...
53. Durangoko Azokaren irudia eta leloa aurkeztu dituzte. «Da!, asko dira!» lelopean, abenduaren 5etik 9ra egingo dute. Txakur Gorria kolektiboak jarri dio irudia aurtengo azokari
53.era heldu da Durangoko Azoka. Abenduaren 5etik 9ra egingo dute, Da! asko dira! lelopean. Horrela, aniztasunari erreferentzia eta gorazarre egingo dio, Durangoko Azoka bizitzeko «modu asko daudelako».Txakur Gorria sormen kolektiboak egin du aurtengo kartela, eta Landako gunearen planoan oinarrituta diseinatu dute.
Mugimendu anitzak, baina osagarriak bildu dituzte bertan: «Mugimendu guztiak iradoki nahi ditugu, errotuladore ibiltariak bagina bezala: sarrera, irteera, geldialdia, orrialdeak pasatzeko keinua, besarkada. DA!-ri erritual izaera aitortzen badiogu, interesgarria da bertan antzezten dugun performanceari erreparatzea». Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak, Ane Labakak, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osatzen dute kolektiboa.
Atzo goizean aurkeztu zituzten aurtengo irudia eta leloa. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak leloaren zergatia azaldu zien bertarautakoei: «Euskal kultura oparoa eta aberatsa da, eta aniztasun horren isla da azoka. Kulturaren plaza da, merkatua, urteroko hitzordua da, gogoeta eta eztabaidarako plataforma, jaia, errituala, topalekua…».
Durangoko Azoka bakarra den arren, aldi berean «azoka asko» direla aitatu zuen: «Batek azoka ikusi egiten du, besteak entzun, batzuk abestu, norbaitek ukitu, bakarren batek laztandu, agian, usaindu, edo dastatu, askok irakurri eta beste hainbestek sentitu, kultura modu desberdinetan guztion eskura dagoela adieraziz». Zentzu fisiko eta metaforikoan, sormenaren lurraldea anitza dela gogora ekarri zuen: «Bertan elkartzen da sortzaile berria eta ibilbide luzekoa, garaikidea zein tradizionala, abangoardista nahiz herrikoia eta komertziala bezala apurtzailea».
Aniztasun hori egitarauan ere ikusi ahalko da. Aurreratu dutenez, kontzertu handiak eta intimoak, antzezlan luzeak eta mikroantzerkiak, proiektu ezberdinen aurkezpenak, kultura digi- tala, film emanaldiak, umeentzako tailerrak… egingo dituzte, eta produktuetan ere nabarituko da aniztasuna. Aitziber Irigoras Durangoko alkateak bertako izaera anitza aldarrikatzearen garrantzia nabarmendu zuen.
«Kosmosa»
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Ana de Castro, berriz, azokaren beraren garrantziaz mintzatu zen: «Ozen esan behar dugu Durangoko Azoka ezinbestekoa dela kulturzaleentzat». Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak Durangoko Azoka «kosmosa» dela zehaztu zuen, bizitzaren isla.
Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak Gerediaga Elkartearen lana goraipatu zuen: «Urte osoko lana dauka azokak, eta eskerrak eman behar zaizkio Gerediagari 53 urtean egindako lanagatik. Zoriontzekoa eta eskertzekoa da».