Belaunaldien arteko laugarren martxa egingo dute Gautegiz Arteagan, zapatuan
Zahartze aktiboa eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko asmoz, Gautegiz Arteagako Helduen elkarteak 4. Belaunaldien arteko Martxa herrikoia antolatu du udalerrian. Martxa hori egiteko zapatuan [urriak 27] 11:00etan bilduko dira parte hartzaileak herriko plazan; han hasi eta amaituko dute ibilaldia.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gautegiz Arteagako Udalaren babesean antolatutako ekimena da honakoa. Aurreko hiru urteetan egin legez, aitona-amonen, eta, horiekin batera, beraien seme-alaben eta iloben parte hartzea bultzatu gura dute antolatzaileek. Hala, horiei guztiei zapatuko hitzorduan egoteko deia egin diete.
Parte hartzaile guztiei egokitutako belaunaldien arteko martxa egiteko asmoz, bi ibilbide prestatu dituzte arduradunek. Bi ibilbide horien artean aukeratu ahal izango dute izena ematen dutenek zapatuan. Batetik, bost kilometroko ibilbide labur eta erraza egiteko aukera edukiko dute; bestetik, berriz, hamar kilometroko ibilbide luzea.
Izen-ematea. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, zapatuko martxan parte hartzeko izena eman behar da Gautegiz Arteagako Kultur Etxean. Umeen izen ematea doakoa da, eta nagusiek, berriz, euro bana ordaindu beharko dute.