21. Xixili Torneoa lehiatu zuten Gernika-Lumoko Santanape Kiroldegian, herenegun. Etxeko taldeari dagokionez, kluben arteko taldekako txapelketako onenak izan ziren Xixiliko alebinak, eta gazteen taldekako lehian, hirugarren sailkatu ziren gimnastikalariak.
Alebinetan, Castro eta Torrelavegako taldeak izan ziren Xixilikoekin batera podiuma osatu zutenak. Xixilikoek “oso maila ona” erakutsi eta “lan bikaina” egin zutela dio beraien entrenatzaileak; izan ere, aurten lehenengo aldiz aritu dira maila horretan.
Gazteen mailan, talde berdinek osatu zuten podima. Oraingoan, baina, Torrelavelagoak izan ziren nagusi. Bigarrenak Castroko gimnastikalariak izan ziren, eta hirugarren egin zuten Xixilikoek.
Argazkia: Txebi Arriaga
Halaber, kadete mailako bakarkako kopan Estibaliz Basterretxeak lortu zuen lehenengo postua. Xixiliko entrenatzailearen berbetan, “bikain” aritu zen gernikarra. Lorena Llorente sailkatu zen bigarren, eta Carla Cuero izan zen hirugarrena.
Bizkaiko, Gizpuzkoako, Arabako, Nafarroako, Errioxako, Kantabriako, Asturiasko, Burgosko eta Madrilgo klubetako kideak elkartuko ziren domekan. Hain zuzen ere, 170 gimnastikalarik parte hartuko zuten. Talde bermeotarraren entrenatzaileak esan duenez, “maila altua” egon zen torneoan, eta lortutakoagaz pozik dagoela dio. “Giro ederrean aritu ziren gimnastikalariak eta Gernika-Lumora hurbildutako taldeak oso pozik joan ziren herritik. Antolakuntza aldetik, dena ondo irten da”, azaldu du entrenatzaileak.
Espainiako Txapelketa. Domekan Gernika-Lumon jokatutako 21. Xixili Torneoa Espainiako txapelketaren aurreko saioa izan da. Izan ere, Xixili Torneoa txapelketa horretarako prestaketa moduan hartzen dute bertan lehiatzen diren gimnastek.
Espainiako Txapelketa azaroaren 7tik 11ra bitartean jokatuko dela adierazi du Xixiliko entrenatzaileak.