Ortiz de Mendibil eta Arbe, Landaren eta Arriolaren kontra lehiatu ziren atzo, Ereñoko Udal Pilotalekuan. 2-0 nagusitu ziren, lehen set-a 15-11-ko emaitzagaz amaitu zuten, eta bigarrena, berriz, 15-8-ko emaitzagaz.
Ziortza Landa Ereñoko zesta eskolakoa da, Esti Arriola Berriatutakoa, Izaro Arbe Markina-Xemeingoa eta Maite Ortiz de Mendibil Hondarribiakoa.
Lehenengo zatian, Landak eta Arriolak irabazleei eutsi egin zieten, erdirarte, baina, gero gorriek tanto pare bateko aldea lortu zuten, eta horri eutsi egin zieten, partidako lehen puntua eskuratzeko.
Bigarren jokoan berdinketak egon ziren aurreneko bi tantoetan. Gero, ihes egin zuten Ortiz de Mendibilek eta Arbek, 10-4 markagailua euren alde jarriz, eta alde hori handiegia izan zen aurkarientzat ezin izan baitzituzten oraingoan aurkariak estutu, eta gorriek eraman zuten bigarren puntua eta baita partidua ere.
Xistera Zirkuituaren partiduaren aurretik, Xistera proiektuaren barruan dauden Euskal Herriko zenbait klubetako kideek
lagunarteko hiru kiniela jokatu zituzten; lehenengoan sei bikote izan ziren, bost bigarrengoan eta hiru hirugarrengoan. Lejardi-Txurruka, Gerrikagoitia-Arai eta Jauregi-Arriola izan ziren irabazleak.
30 bat zestalari elkartu ziren Ereñon; besteren artean, Ereñoko, Markina-Xemeingo, Mutrikuko, Hondarribiako, Donostiako eta Tolosako eskoletako ordezkariak egon ziren. Xisterako ordezkariek azpimarratu dutenez, giro bikaina izan zen Ereñoko pilotalekuan, eta harmailetako zatirik gehienak bete ziren.
Argazkia: Xistera Kluba.