2018-2021 Bizikidetza eta Aniztasun Planaren helburu nagusia Bermeon “immigrazio eta elkarbizitza esparruan esku-hartzeko ardatz nagusiak azaltzen dituen, ekintza politikorako proposamenak planteatzen dituen eta lanerako gida bat eskaintzen duen ekintza plan bat eratzea da”, udalak adierazi duenez.
Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokiarekin
elkarlanean landu du plana Bermeoko Udalak. “Gizarte justuago, berdintsuago eta kohesionatuago bat lortzeko apustua” egingo dute proiektuagaz. Ildo horretan, plana “diskriminazioari aurre egiteko eta elkarbizitza lantzeko herriko eragile ezberdinekin landu” dutela azaldu dute. Joan den barikuan plan hori parte-hartzaile guztiei aurkeztu zitzaien eta orain azken ekarpenak jasoko dituzte.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, Gorka Moreno Ikuspegiko zuzendariak eta Maddalen Epelde Ikuspegiko ikertzaileak aurkeztu dute plana. Bidegurenen berbetan, “azken 15 urteetako Bermeoko argazkia aldatzen joan da eta kuriositate eta mesfidantzaz nahasturiko jarrerak elkarbizitza eta konfiantzazko bizikidetzan bilakatzeko bidean gaude”. Hori lortzeko, herriko Gizarte Ongizate Udal Patronatuak
“lan garrantzitsua” egin duela azpimarratu du.
Plana
hainbat eragilegaz batera landu dute. Esaterako, sail ezberdinetako Bermeoko Udaleko teknikariak, etorkinak, Gazte Mugimendua, Sahararen aldeko elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Kate Sarea edota Osakidetza batu dira proiektura.
Hori osatu aurretik hainbat pauso eman dituztela nabarmendu dute. Alde batetik, Bermeon immigrazioaren gaur egungo egoera zein den ezagutzeko
diagnosi estatistiko bat burutu dute, eta bestetik,
diagnosi kualitatibo bat egin dute, herrian immigrazioaren inguruko errealitatearen ezagutza duten eragile desberdinak eta zenbait pertsona etorkin elkarrizketatuz. Horrela, eztabaida talde bat osatu dute.
Diagnosiaren emaitzak. Lortu dituzten datuen arabera, Bermeon bizi diren
atzerrian jaiotako pertsonak biztanleria guztiaren %8a osatzen dute. Jatorriari dagokionez, Bermeoko atzerritarren artean, Europar Batasuna da jatorri nagusiena, nagusiki, errumaniarrak (%38,1) eta horiei Latinoamerikarrek jarraitzen diote (%36,1). Datu horiek EAEkoekin eta Bizkaikoekin alderatuta, hiru guneek joera berberak erakusten dituzte.
Diru Sarrera Bermatzeko Errentari dagokionez, Bermeoren kasuan hori
jasotzen dutenen %29,1a atzerritarrak dira, eta EAEn %36,5a. Zenbaki horiek ikusita, “DBSE jasotzen duten pertsona gehienak atzerritarrak ez direla”, nabarmendu dute planaren arduradunek. Hortik abiatuta, Bermeoko immigrazio eta elkarbizitza esparruan ekintza politikoaren etorkizunerako ardatzak eta gizarte sarearekin ekintza eta jarduketarako ildoak ezarri dituzte planean.
Arduradunen berbetan, “planak diskriminazioari aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen ditu sentsibilizazioa, formakuntza eta berdintasunarekiko konpromiso instituzionala”.
Udaleko eta Ikuspegiko ordezkariak, planaren aurkezpenean. Argazkia: Bermeoko Udala.
Hiru esparru. Bizikidetza Planean jasotzen diren ekintzak hiru esparru nagusitan bildu dituzte: batetik, Berdintasunezko tratu instituzionala bermatzeko jarduerak; bestetik, Berdintasunezko tratu estrukturala bermatzeko jarduerak; eta, azkenik, Berdintasunezko tratu interpertsonala bermatzeko jarduerak daude.
Berdintasunezko tratu instituzionala bermatzeko jarduerei dagokienez, udalak, korporazio gisa, bere araudia, zirkular eta bestelakoetan herrian bizi diren pertsona guztien tratu berdintasuna sustatzea ahalbidetzen duten ekintzak biltzen dira.
Horien artean, “Udaleko Osoko Bilkuran elkarbizitzaren alde eta diskriminazioaren aurkako adierazpen instituzionala gauzatzea; udal zerbitzuetako araudia eta sarbide izapideak berrikustea, horietan egon daitezkeen oztopoak detektatu edota gainditzeko; eta Immigrazio, bizikidetza eta aniztasun gaietan koherentziazko komunikazio udal politika sustatzea” aipatu dituzte.
Berdintasunezko tratu estrukturala bermatzeko jardueren kasuan, herriko zein euskal gizarteko gizarte egituran eragitea dute helburu, eta horretarako herriko bizilagunen arteko aukera eta tratu berdintasuna jorratuko dute.
Jardueren artean honakoak proposatzen dituzte: sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak egitea; iritsi berrientzako harrera programa gaurkotu eta eguneratzea; ikastetxeekin elkarlanean ikasle atzerritarrengan euskara sustatzen jarraitzea eta euskara eta lan formakuntza eta orientazioa lantzeko programekin jarraitzea.
Bukatzeko,
Berdintasunezko tratu interpertsonala bermatzeko jarduerak, orokorrean, zurrumurruen aurkako estrategiarekin zuzenki lotuta daudela azaldu dute. “Jatorri edota arbaso atzerritarrak dituzten pertsonekiko aurreiritzi eta estereotipo negatibo eta faltsuei aurre egiteko” bultzatu nahi diren ekintza desberdinak bildu dituzte jarduera horien barnean.
Jarduera horiekin batera, plangintzak honako
ekintzak proposatzen ditu: “lanaren difusioa eta dibulgazioa egitea, jendeak ezagutu dezan; udal korporazioari bideratutako formakuntza mintegia egitea lau urterik behin; pertsonal teknikoarentzako zurrumurruen aurkako tailerra antolatzea; integrazio ibilbide eredugarriak izan dituzten jatorri atzerritarreko pertsonak nabarmentzea; eta beste sail,zerbitzu eta entitate batzuekin koordinatuta, herritarren sentsibilizazioa lantzeko ekintzak antolatzea, immigrazio atzerritarraren aurreko estereotipo negatibo eta faltsuei aurre egiteko”.
Aurkeztu duten planak “hurrengo urteetan elkarbizitza eta berdintasun tratua sustatu eta bermatzeko
tresna baliogarria” izan nahi duela azpimarratu du Ikuspegiko zuzendariak, “arlo honetan egiten eta egingo diren jarduerak planifikatzeko”.
Bermeoko alkateak adierazi duenez, “
kultura ezberdinen arteko gizarte baten aurrean aurkitzen gara, immigrazioaren fenomenoa ondo ulertu behar dugu, datuak ondo aztertu, aurreiritziak gainditu eta daukagun errealitatearen aurrean dibertsitate kultural handiko herri berdintsua eraiki denon artean”.
“Ikerketa ezberdinak egin ditugu, udal sail guztiei eta herriko eragileei zuzendutako formazioak eskaini, atzerritarrekin elkar ezagutzeko eta benetako elkarbizitzan sakontzeko saioak edota sentsibilizazio kanpainak, besteak beste. Azken finean, sortutako zalantza eta mesfidantza jarrerei
datu objektiboekin eta adituen aholkularitzarekin aurre egin diegu”, gaineratu du.
Aurkeztutako plana “orain arte egindako ibilbidean beste pauso berri bat” dela nabarmendu du alkateak, “
hurrengo lau urteetako ardatz nagusi eta oinarriak ezartzen dituena”. Ildo horretan, udalaren lehentasuna “herrian elkarbizitza bermatzea eta aniztasuna balioan jartzea” dela adierazi du, “berdintasunean oinarritutako gizarte bat” lortzeko.