Denboraldia bikain hasi du talde gernikarrak. Dia Ligaren lehen bi jardunaldietan nagusitu da, eta EuroCup-erako Taldekako Faserako txartela ere eskuratu du.
Aurreko astean lehiatutako hiru partiduak irabazi zituen (bi EuroCup-ekoak eta bestea ligako lehen neurketa), eta
atzo iluntzean lortu zuen laugarren garaipena, Malosten.
Valencia Basket talde
69-66 garaitu zuen. Bi luzapenen ostean lortu zuen garaipena. Lointekek aurkariak gainditzeko gai dela erakutsi du orain arte, eta sufritzen dakien taldea ere badela erakutsi zuen, atzo. 50 minutuek askotarako eman zuten, eta zaleek bultzada itzela eman zieten jokalariei, haiek gehien behar izan zuten momentuetan.
Gwathmey-ek atzo debutatu zuen Malosten, eta bera izan zen markagailua inauguratu zuena. Vanderwal-en hirukoa etorri zen gero (5-0). Valenciak markagailua berdindu zuen. Hurrengo minutuetan bi entrenatzaileek aldaketak egin zituzten. Hala, puntu bakarreko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena: 12-11. Bi taldeak batik bat defentsan nabarmendu ziren. Etxeko taldeak aurrea hartzen, baloia ukitzen eta aurkaria deseroso jartzen zein ondo dakien erakutsi zuen. Bigarren laurdenaren lehen lau minutu eta erdian
5-8ko partziala lortu zuten valentziarrek, eta ondorioz, Mario Lopezek
hutsartea eskatu zuen. Jokalari denek eman zuten euren onena, baina, eraginkortasuna falta izan zitzaien. Hala ere, borrokatzeko partidua zen, eta bi taldeetako jokalariek ez zuten une batez ere hutsik egin.
Argazkia: Gernika KESB.
25-26-ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira, eta bueltan borrokak jarraitu zuen. Parekotasun handiko neurketa izan zen, eta markagailuan ez zen aldaketa nabarmenik egon. Lau puntuko aldeagaz heldu ziren azken txanpara (40-36). Jokalari denek bazekiten
ez zela amaiera erraza izango. Valencia Basquetek hainbat saskiratzetan huts egin zuen, eta Lointek, ostera, jaurtiketak ondo aukeratzen, eta bat baten kontrako jokaldietan maisutasunez aritu zen. 45-46-ko markagailuak defentsa ona izateak ez ezik, erasoko jokaldietan asmatzeak duen garrantzia agerian utzi zuen. Azken minutuak adrenalinaz beterikoak izan ziren; huts egin nahi ez arren, akatsak izan zituzten. Laugarren laurdena amaituta, 51na puntugaz zeudenez, lehen luzapena heldu zen.
Luzapeneko lehen jokaldian etxeko taldeak lortu zuen lehen saskiratzea, eta baita bigarrena ere ( hiru metrotik Dietrick-ek sartu zuen).
Defentsa sendoa erakutsi zuen Lointekek, garaipena bermatzeko asmoz. Luzapena amaitzeko hiru minuturen faltan, eta 57-51-ko markagailuagaz, valentziarrek erantzun egin behar zutela argi zuten. Lointekek egoera hobeto irakurri zuen, baina, jaurtiketa libreek etxekoak zigortu zituzten. Lehia amaitzeko minutu bakarraren faltan markagailua berdindu zuten aurkariek. Bi taldeek huts egiteak egin zituzten, eta 59nako berdinketagaz bigarren luzapenera joan ziren. Urduritasuna nabari zen kantxan, eta agian horregatik, saskiratzea nahi baino gehiago kostatu zitzaien etxekoei. Malosten ondo ezagutzen duten Pinaren bila zebiltzan valentziarrak. Lointeken egondako Gomezen bi jaurtiketa libreek puntu bateko errenta eman zieten valentziarrei (65-66). Orduan, Gwathmey-ek erakustaldia eman zuen, lau puntu jarraian lortuta.
Domekan, Extremaduran
Dia Ligaren hirugarren jardunaldia Caceresen lehiatuko du Gernika-Lumoko taldeak. Nissan Al-Qazeres Extremaduraren kantxan domekan jokatuko dute (12:00).
Gaur gaurkoz, ligaren sailkapeneko lehen postuetan
bost talde launa puntugaz berdinduta daude. Lointek Gernika Bizkaia hirugarren dago; aurretik ditu Girona eta Avenida, eta atzetik Cadi La Seu eta Araski.