24 klub bilduko ditu 21. Xixili Torneoak, Gernika-Lumon
Domekan [urriak 21] Santanape kiroldegian lehiatuko dute Bermeoko Xixili Gimnastika Taldeak antolatzen duen torneoa.
14:30etan hasiko da eta19:00ak aldera bukatuko dutela aurreikusi dute. Besteren artean, Bizkaiko, Gizpuzkoako, Arabako, Nafarroako, Errioxako, Kantabriako, Asturiaseko, Burgoseko eta Madrilgo klubetako ordezkariak elkartuko dira Gernika-Lumon. Hain zuzen, 170 gimnastikalarik parte hartuko dute, eta 40 entrenatzaile izango dituzte alboan. Gimnastikalarien lana zorrotz aztertuko duten hamasei epaile egongo dira.
Antolatzaileen berbetan, goi mailako torneoa da honakoa, eta ikuskizun paregabea ziurtatuta dago.
Mende laurdena. Xixili taldeak aurton bere 25. urteurrena betetzen du, eta urte esanguratsu honetan zehar hainbat ekintza egin dituzte dagoeneko. Urteurrenerako ekitaldien artean dago bai eta ere aipatu torneoa. “Maila honetako torneoa antolatzeak lan asko eta finantzazio garrantzitsua suposatzen du, beraz, eskertu behar ditugu Gernika-Lumoko eta Bermeoko kirol patronatuak, Euskadiko eta Bizkaiko Gimnasia erritmikako federazioak, eta hainbat enpresa pribatu”.
Nabarmendu dute guztien artean lortu izan dutela Xixilik 25 urte hauetan zehar eskualdeko 4.000 ume eta gazteri gimnasia erritmikoa lantzeko aukera ematea. 2018-2019 ikasturtean Busturialdeko ia 200 gimnastikalari daude taldean. “Ilusioz beterik daude, eta taldearen baloreak lantzen: errespetua, talde lana, esfortsua, norberaren eta besteen mugak eta aukerak onartzea, eta taldekidei laguntza eskaintzeko beti prest egotea”, azaldu dute Xixili klubaren ordezkariek.
Izan ere, Bermeoko taldea izan arren, eskualde osoko herritarrak batzen ditu, eta bi egoitza dauzka bere zerbitzuak eskaintzeko: Gernika-Lumoko eta Bermeoko kiroldegiak. Taldekide izan eta gimnasiaz gozatu nahi dutenentzat ateak zabalik dituztela esan dute: “Eskualdeko ume eta gazte guztiei ateak irekita gaude ikasturte berri honetan ere”.