Gautegiz Arteagako HAPOa eta Ingurumeneko Azterlan Estrategikoa ikusgai daude udaletxean
Gautegiz Arteagako Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerakina eta Ingurumen Azterlan Estrategikoa ikusgai jarri ditu udaletxean. Bi hilabeteko tartean ikusi ahalko dira dokumentuok, hau da, abenduaren 11ra arteko epean. Lanegunetan, udaletxeko udalbatza aretoan aurki daitezke, 9:00etatik 14:00etara arte.
Hala ere, jendeaurreko erakustaldiaz gain, dokumentazio guztia udal webgunean aurki daitekeela zehaztu dute, www.gautegizarteaga.com orrialdean. Herritarrek “etorkizuneko” herria eraikitzerako orduan presentzia izan dezaten bultzatu dutela ekimena argudiatu du udalak.
Gainera, dokumentuak jendeaurrean zabaltzeagaz, herritarren partaidetza suspertzea lortu nahi dutela jakinarazi du Juan Felix Naberan herriko alkateak: “Herritar guztiek dokumentu hau eskuragarri izatea da helburua. Horrela, alegazioak aurkeztu ahal izango dituztelako. Biharko Gautegiz Arteaga diseinatzeko prozesua ahalik eta zabalena eta parte hartzaileena izatea gura dugu. Horregatik, udaletxera hurbilduta edota gure webgunearen bitartez, dokumentuak kontsultatzera animatzen ditugu herritarrak, beraien ekarpenak egiteko”.
Ekarpenak. Herritarrek edozein momentutan dokumentuekiko alegazioak aurkeztu ahal dituztela zehaztu du udalak, baita ekarpenak egiteko aukera izango dutela esan ere: “Zalantzak eta proposamenak izanez gero, edozein momentutan aurkeztu ahal izango dituzte. Horretarako, udaletxeko hurrengo telefono zenbakira deitu beharko dute interesatuek: 94-625 29 53”.
Herritarren parte hartzea suspertzea helburu nagusia dela aitzaki hartuta, ekarpenak jasotzeko erredakzio-taldeagaz hitz egin ahal izango da.
Talde horren betebeharrak herritarren zalantzak argitzea eta partaidetza prozesua errazteko laguntza eskaintzea dira: “Eskaera eta zalantzen arabera gaika banatuko dira, eta norbanakoekin elkarrizketak zehaztuko dituzte. Gainera, tailerrak eta inkestak burutuko dira, HAPOaren elaborazio prozesu zabala, argia eta gardena bultzatzeko”, azaldu du Gautegiz Arteagako Udalak.