Uharte kaleko zorua egonkortuko du Gernika-Lumoko Udalak
Hasi dira dagonerako Gernika-Lumoko Uharte kaleko zorua egonkortzeko lanak; kaleko 21. zenbakitik 23.era arteko tartea hobetuko du udalak. Lan horiek hiru hilabete iraungo dutela jakinarazi dute, bai eta 175.031,24 eurokoa dela aurreikusitako aurrekontua ere.
Gernika-Lumoko Udalak jakitera eman duenez, Idurgo lantegiaren aurreko errepideak 25 zentimetroko jalkitzeak eduki ditu, eta horrek zorua arrakalatzea eragin du. Gainera, arrakalak 50 metro luzeko eta 4 metro zabaleko tartean egon direla azaldu du.
Hori horrela, konponketa zuzena burutzeko, azterlan geoteknikoa egin dute, eta horrek, apurketaren zehetasunak emateaz gain, konponbiderako lanak zeintzuk diren argitu du. Horregatik, zorua hormigoi armatuzko harlauzez eta ainguratzez egonkortuko dute, eta zolarria eta zoladura berria jarriko diote bideari.