Gipuzkoako Finalista Egunerako izen ematea zabalik dago Mutrikun
Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Villabonako Aizkardi mendizale elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Eskolarteko 31. Mendi Lehiaketa eta Finalista Eguna egingo dituzte domekan, Villabonan.Finalista Egunean Gipuzkoako hainbat ikastetxeetako ikasleek par...
Finalista Egunean Gipuzkoako hainbat ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute. Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolakoak, Mikel Deuna ikastetxekoak eta Mutrikuko Institutuko ikasleak bertan parte hartzera gonbidatuta daude.
Mutrikuko Eskola Kirola eta Burumendi Mendizale Elkarteak, bere aldetik, Finalista Egunera joateko izen ematea koordinatuko dute.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, interesatuek biharko eman beharko dute izena, bakoitzak bere ikastetxean. Nabarmendu dutenez, irteera LH 3tik 6ra bitarteko eta DBHko ikasleei eta haien gurasoei dago zuzenduta. Bertara joan nahi dutenek autobusa edukiko dutela ere iragarri dute. Autobusak 08:00etan irtengo du Mutrikuko goiko autobus geltokitik.
12,90 kilometro
Gipuzkoako hainbat tokitatik joandako mendizale gazteek, berriz, hitzordu nagusia 09:00etan izango dute, Villabonako Errebote plazan. Eta ibiltariak plazara ailegatu orduko, parte hartzea baieztatu beharko dute plazan jarritako harrera mahaietan. Mendizaleek 12,90 kilometroko ibilbidea osatu behar izango dute; iraupena bi ordu ingurukoa izango da.
Honako hauek kontuan hartzea beharrezkoa dela gogorarazi dute antolatzaileek: umeak ezingo dira bakarrik joan, guraso baten ardurapean joan beharko dira, pertsona beraren ardurapean ume bat baino gehiago joan daiteke, eta, azkenik, arropa eta oinetako egokia (aldatzeko ere) eraman beharko da, hamaiketakoarekin batera.