Abian da eskualdeko V. Enpresa Idea Lehiaketa
Busturialdeko 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako V. Enpresa Ideia Lehiaketa antolatu dute Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria sailek eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen Gazteria Zerbitzuak. Azaroaren 9ko 14:00ak arte aurkez daitezke proiektuak.
Busturialdean ekintzailetza kultura hedatzea, lana eta aberastasuna sortzea, ekonomia bultzatzea eta enpresa proiektu onenak saritzea du helburu lehiaketak. Lana bilatzea lana da gazteei zuzendutako programaren parte da ekimen hau.
Zenbait baldintza bete behar dira proiektuak aurkeztu ahal izateko. Enpresa ideia bat aurkeztu ahal izango da, edota 2018. urtean sortutako enpresa bati buruzko proiektua. Bi kasuetan, ezin bestean, enpresak Busturialdean edukiko beharko du kokapena.
Proiektuen artean onenak saritzeko, hainbat irizpide izango dituzte epaimahaikideek. Proiektuaren izaera berritzalea, balio erantsia edota originaltasuna baloratuko dituzte. Baita proiektuak enplegua sorrarazteko daukan potentziala eta sortu ditzakeen lanpostuen kalitatea ere. Halaber, ekintzaile taldeak proiektua gauzatzeko daukan gaitasuna eta eskualdean proiektua gauzatzeko legokeen aukera ere hartuko dituzte kontuan. Azkenik, proiektuaren gizarte eragina eta proiektuaren jasangarritasuna ere aintzat hartuko dituzte.
Proiektu irabazlearen egileek 3.000 euroko saria jasoko dute. Eta Arratzuko Elkartegian urtebeteko kuota ordainduta izango dute. Bigarren saridunarentzat 2.000 euro banatuko dituzte; horrek ere urtebeterako izango du Arratzuko Elkartegiko kuota ordainduta. Lehen sektoreagaz zerikusia duen ideia onenari 1.000 euro emango dizkiote, aurreko sarietako bat jaso ezean.
Busturialdeko Gazteria Zerbitzuak jakinarazi duenez, saritutako proiektuen ideia guztiak eta jabetza intelektuala beren gain har ditzake. Horrenbestez, askatasun osoa edukiko du enpresa ideia martxan jartzeko, zuzenean edo hirugarrenen bitartez eta ideia aurkeztu duen pertsonarekin batera edo hura barik, “betiere sortzaileek ez badute aurkeztutako idea garatzeko asmorik”.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa. Proiektua aurkeztean, izen-emate fitxa beteta entregatu beharko dute parte hartzaileek, eta beste gutunazal itxi batean, egileen datuak (NAN, Curriculuma eta aurkeztutako ideiaren titulua). Agiri guztiak paperean aurkeztu beharko dira.
Izen emate orriak batu eta entregatzeko eta informazio gehiago izateko, Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzura (www.giz.bermeo.org/94-617 91 58), Busturialdeko Herri Txikien Gazteria Zerbitzura (gazteria@urremendi.org/94-625 76 09) edota Gernika-Lumoko Gazteentzako Informazio Bulegora (gazteria@gernika-lumo.net/94-627 02 15) joan beharko da.