Busturialdekoak, bigarren eta hirugarren lehen kanporaketan
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udagoieneko faseko lehen kanporaketa jokatu zuten zapatuan, Lizeon. Erezuma bigarren sailkatu zen; Galarza hirugarrenZapatuan bertsozaleen topagune bilakatu zen Gernika-Lumoko Lizeo Antzokia. Sei bertsolari agertokian,...
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udagoieneko faseko lehen kanporaketa jokatu zuten zapatuan, Lizeon. Erezuma bigarren sailkatu zen; Galarza hirugarren
Zapatuan bertsozaleen topagune bilakatu zen Gernika-Lumoko Lizeo Antzokia. Sei bertsolari agertokian, eta dozenaka lagun horien parean: 200 bertsozale baino gehiago. Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udagoieneko faseko lehenengo kanporaketa zegoen jokoan, eta eskualdeko bertsolariak beraien gaitasunak erakustera atera ziren. Garaipenik lortzerik ez zuen izan ez batak ez besteak, baina gertu-gertu ibili ziren, sailkapeneko bigarren eta hirugarren postuak eskuratuz.Imanol Uria Albizu algortarra izan zen zapatuan onena epaimahaiaren ustez; guztira, 451, 5 puntu lortuta. Bere ostean sailkatu ziren Julen Erezuma Arzanegi gernikarra eta Asier Galarza Garai muxikarra. Lehia estu-estua egon zen lehen hiruren artean; Erezumak 449 puntu batu zituen, eta Galarzak, aldiz, puntu erdi gutxiago: 448,5.
Hiru bertsolari horiez gain, beste hiru ere aritu ziren: Zaldibarko Garikoitz Sarriugarte Onaindia (439 puntu), Sopelako Paule Ixiar Loizaga Legarra (414 puntu) eta Trapagarango Ion Barrocal Besga (382,5 puntu).
Hamarreko txikian onena
Galarzak, esaterako, sei bertsolarien artean, puntu gehien lortu zituen hamarreko txikian: denetara, 113. Eta Erezuma irabazlea baino hobeto aritu zen puntu erantzunetan, hamarreko txikian eta kartzelako proban. Dena den, beste bi ataletan garaileak ateratako aldeak bigarren postuan kokatu zuen gernikarra.
Garaipenari esker, Imanol Uriak zuzenean abestuko du Berrizen azaroaren 18an jokatuko den finalaurrekoan. Gainontzekoak, berriz, beste bertsolarien puntuazioen zain geratuko dira. Hurrengo kanporaketa domekan lehiatuko dute, Santurtziko Serantes kultur aretoan. Saioa 17:00etan hasiko dute.