Irrintzi Alai Dantza Taldeak dagoeneko mende erdiko ibilbidea bete du. Herriko gazte eta nagusiz osatuta dago taldea, eta beraien esku egon da, urte luzez, Busturia musika eta dantzekin girotzea.

Busturiko herritarren artean beti egon da dantzarako eta musikarako ohitura handia: auzoetako festetan, mezen ondoren edota egun berezietan, aurreskulari eta txistulariek hartzen izan dute herria, sokadantzak eta erregelak dantzatuz busturiarren aurrean. Horrela izan da behintzat azken mende erdian, Irrintzi Alai Dantza Taldeak bizirik daraman denboran, hain zuzen ere.
50 urte bete ditu aurten Busturiko Altamira auzoan sortutako dantza taldeak, eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi eta jarduera berezi prestatu dituzte urte osoan zehar. Hala ere, nabarmentzekoak izan dira azken asteetan eskaini dituzten ikuskizunak, San Migel jaiak eta horren urteurren berezia ospatzeko ia 100 dantzari bildu baizituzten.
Ekitaldiekin batera, herriko Kultur Etxean taldean parte hartu duten dantzari eta boluntarioak batzen dituen argazki erakusketa prestatu dute, urteurren berezi horretan taldean dauden eta egon diren kideei behar bezalako omenaldia egiteko. Eraikineko hormetan azken mende erdi honetan Busturian dantzan aritu diren hainbat eta hainbat dantzari ageri dira bertan, gazte zein nagusiak, duela 5 edo 50 urtekoak, baita zaharragoak ere.
Busturiko izarra. Horren erakusgarri dugu Irrintzi Alai baino lehenago, herrian sortu zen Goizeko Izarra Dantza Taldea, eta erakusketarako garai hartako dantzarien zenbait irudi biltzea ere lortu dute. Goizeko Izarrak 1948tik 1955ra arte iraun zuen, eta Busturian, Arrietan eta Bermeon hainbat dantza jaialditan parte hartu zuten taldeko kideek. Antonio Iragorri busturiarra izan zen taldea aurrera eraman ahal izateko lanean aritu zena, eragile nagusi bezala.

Hamahiru urte beranduago, 1968an, Goizeko Izarraren errautsetatik sortu zen Irrintzi Alai. Dantzan aritzeko zaletasunak indartsu jarraitzen zuen Busturian, eta Altamirako gurasoen laguntzagaz lortu zuten taldea aurrera eramatea. Rafael eta Rosa Mari Ormaetxea neba-arrebak aritu ziren dantza taldearen irakasle lanak egiten hasiera batean, German Larruzea, Ismael Bilbao, Asier Goieaskoetxea eta beste hainbat dantzarigaz batera. Urteak aurrera joan ahala, euskal dantzak biziberritzea lortu zuten Busturian. Taldeko kideek eta herriak dantzarekiko duten zaletasun hori argi ikusten da erakusketako irudi bilduman.
Ibilbide oparoa. Agurra, Xoxo dantza, Eusko Dantza, Zaragi dantza, Ikurrinarena, Dantzari Dantzakoak, Axuri beltza, Sardiñerak edota Larrain dantza, asko eta asko izan dira mende erdiko ibilbide luze honetan Irrintzi Alaikoek dantzatutakoak.

Arduradunentzat, Dantza Taldean egin beharreko lana, talde lana da. Irrintzi Alaik bere arduradunak eta irakasleak dituen arren, argi dute jarraitu beharreko bidea dela dantzariek elkarrekin ikastea, nagusienek txikienei irakastea. Gaur egun, taldean 60 bat dantzari daude, batez ere ume eta gaztetxoak.
Busturiarren artean ez dago zalantzarik: horiek dira etorkizuna, herriko kulturak bizirik jarrai dezan lan egingo dutenak, baita mundu zabaleko euskera, musika eta dantza, herrira ekarri eta herrikoa, mundu zabalera ezagutarazten lagunduko dutenak.
Erakusketa datorren igandera arte egongo da ikusgai, Busturiko Kultur Etxea irekita dagoen orduetan.