Mari Carmen Abendibarrek irabazi du ganadutegi onenaren saria
Ar onena ere Abendibarrena izan da; eme onena Jon Koldo Bikandirena eta Hazi jartzearen eme txapelduna Juan Antonio Uztarrozena. Guztira 120 abelburu egon diraUrriko Lehen Asteleheneko azoka ospatu zuten atzo, Gernika-Lumon. Urteroko hitzorduak ez zuen...
Ar onena ere Abendibarrena izan da; eme onena Jon Koldo Bikandirena eta Hazi jartzearen eme txapelduna Juan Antonio Uztarrozena. Guztira 120 abelburu egon dira
Urriko Lehen Asteleheneko azoka ospatu zuten atzo, Gernika-Lumon. Urteroko hitzorduak ez zuen hutsik egin, eta Piriniotar Abelburuen Euskadiko 33. Txapelketa lehiatu zuten. Epaileek domekan egin zituzten lehen aukeraketak, eta atzo erabaki zituzten sari nagusiak. Hala, aurtengo lehiaketako abelbururik onenak Mari Carmen Abendibarrenak izan dira, «produktuaren homogeneotasunagatik».Lehia estua egon zen saridunaren eta Jon Koldo Bikandiren ganadutegien artean, baina «zekorraren ezaugarriengatik» aukeratu zuten Abendibarren ganadutegia. «Erabakia oso zaila izan da, lehiatuta egon da iurretakoen artean, baina Abendibarren alde jokatu duen puntua zekorra izan da. Ganadutegi homogeneoena aukeztu du, eta zekorrak eman dio garaipena». Hala eta guztiz ere, aurkeztutako lau ganadutegiak ondo prestatutakoak izan zirela aitortu zuten epaileek.
Lehia bizia izan zen atzokoa, eta Abendibarren senar Rufino Jaiok jaso zuen sari nagusia. Haren berbetan, ganadutegia aukeratzeko orduan «beti» egoten dira zalantzak: «Arautegiak ezartzen dituen xehetasunak bete behar dira, eta, aurten, horiek egoki bete ahal izan ditugu». Ganadutegien kasuan, homogeneotasuna errespetatu behar dela esan zuen Jaiok, «guztiek estilo bera izan behar dute eta».
Ganadutegi onenaren eta ar onenaren sariak eraman ditu aurten Abendibarrek, eta Jaiok ez dagoela sekreturik aitortu zuen atzoko sari banaketan: «Beste ganadutegien moduan hezten ditugu abelburuak, ez daukagu sekreturik, baina garrantzitsua da animaliak mimoagaz lantzea».
Bikandiren ganadutegia izan zen bigarren onena, eta abeltzainak Abendibarren ganadutegia aurten hobeto landuta egon dela onartu zuen. «Nahikoa parekatuta egon gara, eta zekorrak atera du desberdintasuna, hori egia da».
Edonola ere, aurtengoan eme txapeldunaren saria eraman du Bikandik: «Ganadua ondo prestatu behar da, eta horrela egiten saiatzen gara, oso kapritxosoak gara prestaketa lanetan», azaldu zuen iurretarrak.
Jasotako sariekin «oso pozik» zegoela aitortu zuen, gainera, eme txapeldunaren sariaz gain, aurkeztutako bost emeetatik bost sari jaso zituelako. Gehiago ezin duela eskatu esan zuen.
Abeltzain gazteak, indartsu
Atzo eta domekan aurkeztutako abelburuen maila «oso ona» izan zela uste du Rufino Jaiok: «Urtero maila hobeagoa dago. Enparauek ere ganadu ona ekartzen dute, eta edozein egunetan beste batzuk ere Bikandigaz eta gugaz punta-puntan egon daitezkeela uste dut».
Bikandik ere ondo ikusi ditu abeltzain berriak: «Bizkaian indartsu datoz. Gure etxean semeak ere interes handia dauka, eta gaurkoan berak aukeratutako bi behi izan dira txapeldunak. Begi ona dauka».
120 abelburuk hartu zuten domekan eta atzo Gernika-Lumoko Santa Ana aparkalekua. Ganadutegiak guztira 25 izan dira, eta horietan guztietan bizkaitarrak nagusitu dira. Hain zuzen, Bizkaitik hurbildutako hamahiru ganadutegi egon dira. Sei izan dira gipuzkoarrak eta bost nafarrak. Arabako gandutegirik ez da egon.
Azokan, giro ona
Beti bezala, baserriko produktu onenak dastatzeko eta erosteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Label kalitateko piriniotar okela dastatzeko aukera egon zen domekan eta atzo.
Guztira 30 saltoki egon ziren Gernika-Lumon, eta denetariko produktuak saldu zituzten. Asko izan ziren produktuak dastatzera hurbildu ziren herritarrak, eta besteren artean, txakolina, sagardoa, ogia, euskal pastela eta gazta eduki zituzten aukeran.