Udalerriko bideen eta herritarren
segurtasuna hobetu asmoz, bi semaforo berri jarri ditu martxan Gernika-Lumoko Udalak Carlos Gangoiti kalean.
Orain arte, urte luzez Jai Alai frontoiaren aurrean egon den semaforoa lekuz aldatu dute eta beste bat jarri dute tarte laburrean. Semaforo hori San Fidel Ikastolako sarrera nagusiaren parera leku aldatu dute -10 metro inguru atzerago-. Gainera, beste bat jarri dute Urkieta kalearen aurrean. Biak ala biak oinezkoentzako pasabideen ondoan jarri dituzte.
Aldaketa horiek tarte horretako istripu arriskua murrizteko egin dituztela jakinarazi du Jose Mari Gorroño udalerriko alkateak. Izan ere, inguru horretako
bide segurtasuna hobetzeko eta oinezkoen eta ibilgailuen
mugimenduak ordenatzeko beharra zegoen.
Aldaketa gehiago. Hala, baina, semaforo aldaketa hau ez dela udalak egingo duen herri lan bakarra izango jakinarazi zuen alkateak iraileko osoko bilkuran.
Lorategieta auzoko 10. zenbakiko ataritik 20. zenbakiko atariraino ere obrak egingo ditu, bide tarte hori hobetzeko.
Goikoibarra eremu industrialean ere, kalearen zoladura aldatuko dute. 16. zenbakitik hasita 33. zenbakira artean lurra asfaltatuko dutela jakinarazi dute. Hala ere, Goikoibarrako eraikin batean obrak egiten ari direlako, tarte bat asfaltatu gabe geratuko dela azaldu dute, “lan horiek amaitu bitartean”. Horrez gain,
Santa Luziko 46 zenbakidun atariaren eta 48 zenbakidunaren artean ere, bidea hobetuko dute.
Jarduera hauek aurrera eramateko
aurrekontua 102.380 eurotakoa dela azaldu du Gernika-Lumoko Udalak.