Droga trafikoaren aurkako operazio bat burutu dute
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak drogen aurkako operazio bat burutu du Gernika-Lumon. Joan den barikuan, ehun bat estasi-pilula eta 4 kilogramo kokaina eta speed antzeman zituztela zehaztu dute.Operazioan 32, 38 ...
Operazioan 32, 38 eta 58 urteko hiru gizonezko atxilotu dituzte. Helduena taldearen burua izan dela uste dute. Argitu dutenez, Araban eta batez ere Gernika-Lumo eta inguruetan drogen salmenta lanetan aritu da taldea. Ustez salerosketa horietan inplikaturik zeuden pertsonak behatzeko lanak egin dituzte Ertzaintzako agenteek.
Iturrien arabera, joan den barikuan bi pertsona zelatatzeko lanak egiten ari ziren, Gernikatik Gasteizera autoan zihoazela. Merkatal zentro batean geldialdia egiterakoan, taldearen ustezko burua eta bere kidea beste ibilgailu bateko gidariagaz harremanetan jarri ziren, eta poltsa bat eskaini zietela ohartu ziren. Ertzainek susmagarriak atzeman zituzten, eta aipatutako poltsa arakatzerakoan estasi-pilulak aurkitu zituzten.
Hiru susmagarriak atxilotu ondoren, horien bizilekuak arakatzeari ekin zioten. Segurtasun Sailak zehaztu duenez, 3,2 speed kilogramo eta 800 gramo kokaina konfiskatu zituzten guztira, 6.000 euro eta drogak prozesatzeko hainbat tresnekin batera.