Hamaikagarren Euskal Jaia ospatuko dute bihar, Gernika-Lumon, eta hizkuntza eta kultura aldarrikatzeko egunean goizetik gauera bitartean gozatzeko aukera edukiko dute herritarrek.
Euskal tradizioaren agertokia izan ohi da
urriko lehenengo zapatua Gernika-Lumon. Goizetik hasita ohituren plaza izaten da udalerriko herrigunea, eta bihar ere, horrela izango da.
Baserritar arropekin jantziko dituzte herritarrek kaleak,
euskal musikak herria girotuko du, txistulariek “betiko” musika joko dute, eta
bertsolariak zenbait gairi buruz ariko dira Lizeo Antzokian.
Hamaikagarrenez, goizetik gauera bitarteko egitaraua antolatu dute, eta jai girorik ez dela faltako ziurtatu dute.
12:00etan botako dute
txupina Merkurio iturrian, baina horren aurretik, azoka bereziaz gozatzeko aukera egongo da; izan ere,
09:00etarako zabalduko dute sukalkia eta Errioxako ardoa protagonista izango dituen
azoka, Merkatu Plazan. Bertan, hamabi ekoizleren produktuak dastatzeko aukera edukiko dute bertaratutakoek. Halaber, artisauek otzarak, zeramika lanak, eta bestelakoak izango dituzte salgai.
Txupinagaz batera, musikak girotuko du herria; izan ere, Euskal Herriko abesbatzen, Segundo Olaeta musika eskolako ikasleen, trikitilarien eta fanfarrearen doinuek jantziko dute herriko erdigunea.
Zerratokien erakustaldia. Euskal tradizioari jarraiki, iaz ardi-larre aldaketak ikusteko aukera eduki zuten herritarrek. Aurten, baina,
antzinako zerratokien erakustaldiagaz gozatzeko aukera edukiko dute
Adolfo Urioste kalean; egurrezko zutabe, habe, trabiesa eta itsasontzietarako oholak lehengo tresneriagaz nola egiten ziren erakutsiko dute.
Iñigo Magunagoikoetxea jaietako zinegotziak orain bi urtetik zerbait desberdina egiteko “gogoa” izan dutela aitortu du, eta horregatik, aurten, zerratokien erakustaldia egingo dutela esan du. “Antzina gauzak nola egiten ziren ikusteko balioko du zerratokien erakustaldiak. Euskal nortasuna agerian uzten duen ekintza da, polita. Antzina, euskaldunek oholak nola egiten zituzten ikusi ahalko da, baita gaur egungo metodoekin alderatu ere”. Hala, lehengo metodoen erakusketa egin ostean, gaur egungo tresneria erabiliz oholezko “irudia” egingo dutela aitortu du Magunagoikoetxeak.
Kirolaz ere gozatu ahal izango dute herritarrek Euskal Jaian. Horretarako,
Artekalera jo beharko du herritarrak, bertan egingo baitu Piratak Herri Kirol Taldeak erakustaldia.
Ekintza bat bestearen jarraian egin gura izan dutela esan du zinegotziak, eta horrela,
13:00etan egingo duten
kirol erakustaldia eta gero,
txistularien alardea egingo dute
Pasealekuan. “Txistularien alardea egiteko ohiturarik ez dago gure eskualdean, eta egitarauan txertatu nahi izan dugu txistularien alardea”, adierazi du jaietako zinegotziak.
Hori horrela, eskualdeko eta Bizkaiko zenbait herritatik etorritako txistulariak batuko direla Gernika-Lumon, bihar, jakinarazi du Maiteder Olano txistulari alardearen antolatzaileak.
Txistulariak beti egon dira herriko jai giroan murgilduta; bai kalejiran zein dantzariei musika jartzen. Aurten, baina, txistuaren doinuak izango dira biharko Euskal Jaiaren protagonistetako bat. Hainbat kantu joko dituzte
Pasealekuko oholtzan, 14:00etatik aurrera.
Txistuen ikuskizunaz gozatu eta gero, urtero legez, Merkatu Plazara joango dira herritarrak, eta
herri bazkarian batuko dira. Indabak, makailoa eta postrea jango dituzte, ardoagaz eta kafeagaz lagunduta. Bazkalostean, festak jarraitu egingo du, baita kantu eta dantzek ere. Urdaibai Kantaguneko kideak abesteaz arduratuko dira, eta Elai-Alai dantza taldekoak denetariko dantzak egingo dituzte.
Umeek ere, gozamenerako aukera izango dute Merkatu Plazan, hainbat jolas izango baitituzte aukeran.
Bertsoak ere ezin dira falta euskal kulturaz hitz egiterako orduan. Eskualdeko herritarrek bertsoarekiko duten interesa nabaria da, eta bertsolariek ere beraien tokia izango dute Gernika-Lumon.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udazkeneko lehenengo saioa egingo da
Lizeo Antzokian. “Lan gogorra izan da saioa antolatzea, orain dela urtebete ingurutik ibili garelako hori lortu nahian. Beste herri batzuetako proposamenak ere jasotzen dituzte eta”, aitortu du Magunagoikoetxeak.
17:00etan hasiko da saioa, eta Busturialdeko ordezkari bi egongo dira bertan: Asier Galarza Garai muxikarra eta Julen Erezuma Arzanegi gernikarra. Haiekin batera Garikoitz Sarriugarte Onaindia zaldibartarra, Imanol Uria Albizuri algortarra, Ion Barrocal Besga trapagarandarra eta Paule Ixiar Loizaga Legarra sopelarra igoko dira taula gainera.
“Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren saio bat Gernika-Lumora ekartzeko gogoa aspalditik izan dugu”, aitortu du zinegotziak. Hala, Euskal Jaiaren magalean banatuko dituzte udazkeneko faseko lehen puntuak.
Iluntzean ere, musika. EinGo taldea izango da herria musikaz eta dantzez betetzeko ardura hartuko duena iluntze partean. Gauean, berriz,
Zirkinik Bez taldeak hartuko du erreleboa, eta Pasealekua girotuko du,
21:30etik aurrera.
Herriak kolore eta itxura berezia hartuko du bihar; euskal jantziekin eta jaiko zapiekin jantziko baitira herritarrak. Euskal Jaiko zapiak Turismo Bulegoan, Auzokoa tabernan, Lagun Etxea tabernan edota Etxarte kafetegian erosi ahalko dira.
Euskal hizkuntza eta euskal kultura aldarrikatzen dituen jaia da biharkoa, eta prestatutako egitarauagaz “ohiturak gogorarazi” nahi izan dituzte antolatzaileek.
HONEKIN LOTURA
Maiteder Olano: “Txistuarekiko interesa piztea eta suspertzea da alardeagaz lortu nahi dena”