Maiteder Olano: “txistuarekiko interesa piztea eta suspertzea da alardeagaz lortu nahi dena”

Maiteder Olano Segungo Olaeta Musika Eskolako zuzendaria izateaz gain, txistulari ezaguna da herrian. Euskal Jaian hainbat urtez irten da kalejiran, eta aurten lehenengoz egingo duten Txistularien Alardea prestatzen ibili da azken hilabetean.

Lehenengoz egingo da aurten Txistularien Alardea Gernika-Lumoko Euskal Jaian. Zelakoa izan da prestaketa lana?

Orain dela urtebete inguru txistua bultzatzeko asmoagaz Txistularien Alardea antolatu nahi izan nuen Gernika-Lumon, baina egutegiaren gorabeherak direla eta, ezin izan zen burutu. Hori horrela, ideia egokia iruditu zitzaidan Euskal Jaiaren magalean txistularien alardea antolatzea. Azken hilabetean lan gogorra eduki dut, musika eskola bategaz eta besteagaz kontaktuan jartzen ibili naiz eta. Azkenean, sortu diren oztopoak gaindituz, eta alardea aurrera ateratzeko gogoagaz lortu dugu, eta egin egingo dugu.

Zenbat txistulari eta musikari elkartuko zarete bihar Pasealekuan?

Irakasle eta ikasleak kontuan hartuta, 60 musikari elkartuko gara Pasealekuko oholtza gainean. 35 txistularik parte hartuko dugu, eta zazpi akordeoi ariko dira gugaz batera; ezin izan dugu korurik lortu, baina akordeoiek beteko dute abeslarien lan hori. Metal boskotea eta perkusioa ere ariko dira biharkoan gugaz batera. Gainera, arratzuarra den abeslari batek ere lagunduko digu abestiei letra jartzen.

Maiteder Olano

Nondik hurbildutakoak dira alardean parte hartuko duten musikariak?

Busturialdeko herrietatik zein Bizkaiko herrietatik hurbilduko dira. Euren artean, Segundo Olaeta musika eskolako irakasle eta ikasleak egongo dira. Baita beste eskola eta elkarteetakoak ere: Bermeoko Kankinbara elkartekoak, Gernika-Lumoko Gazteak taldekoak, Bilbao Musika eskolakoak, Arriaga Kontserbatoriokoak, Sestaoko Txistuaren lagunak elkartekoak eta Zornotzako, Nabarnizko, eta Foruko musikariak, besteak beste.

Zeintzuk dira bertan joko dituzuen abestiak?

Berrogeita bost minutu inguruko saioa antolatu dugu, eta oso errepertorio ezaguna bezain tradizionala joko dugu. Txistua beti egon izan da herritarren artean, eta abesti ezagunak jo nahi izan ditugu, bertaratutakoek gugaz abestu dezaten. Araban bagare, Herri, Baratze bat, Habanera, Amaren besoetan, Kontrapas, Mariñelaren zai, Eperra eta Behin Betiko izango dira aukeratutako bederatzi abestiak. Hurbiltzen direnek ondo pasatzea eta txistuaz gozatzea da gure asmoa. Hori horrela, txostenak emango dizkiegu abestiekin, gure musikagaz batera abestu dezaten beraiek ere. Herritarrak animatzeaz gain, txistuagaz zerikusia duten abestiak ezagutarazi nahi ditugu.

Zelan joan dira entseguak?

Prestaketa lanak azken hilabetean egin ditugu musika eskolan; guztira bi aldiz elkartu gara denok. Hala ere, lehenago, parte hartzen duten herritarrei zein talde bakoitzari partiturak bidali genizkien beraien kontura kantuak ikas zitzaten. Azken entsegua orain astebete egin genuen, beharrezkoa zelako batzea eta azken xehetasunak erabakitzea.

Busturialdean ez da egon Txistulari Alardea egiteko ohiturarik orain arte.

Inguruko herrietan urtero-urtero txistularien alardeak egin izan dituzte; “betiko” hitzordua izan ohi da. Eskualdean, esaterako, Bermeon eta Mundakan egiten dituzte. Baina Gernika-Lumon ez da inoiz egin. 1999. urtean elkartu ginen azkenengoz herriko eta inguruko txistulariak, eta ordutik gaur egun arte, ez gara berriz egon.

Zer da Euskal Jaian egingo duzuen alardeagaz lortu nahi duzuena?

Herritarren artean eta eskualde mailan txistuarekiko interesa piztea eta suspertzea lortu nahi dugu alardeagaz. Orain da txistuari bultzada emateko momentua, alardeak lagunak egiteko eta guztiak elkartzeko aukera eskaintzen duelako. Urteen joanagaz asko garatu den musika tresna da txistua, kobazuloetatik atera, herriko ekimenak girotzera pasa eta gaur egungo musika garatua egitera igaro dena. Eta hori bultzatu behar dugu.

Hurrengo Euskal Jaian ere Txistularien Alardea egitea gustatuko litzaizuke?

Bai, aurtengoa egin eta gero, ikusiko dugu egiteko aukerarik dagoen edo ez. Baina balorazioa ona bada, hurrengo urteko alardea prestatzen hastea gustatuko litzaidake. Patxadaz eta denbora gehiagogaz beti ere.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend