Lointek Gernika Bizkaiak astelehenean jokatuko du EuroCup Txapelketako lehen partidua, Malosten
Europako ametsa etxean hasiko du aurten talde genikarrak. Iaz Bilbon lehiatu zituen etxeko partiduak, aurten, baina, bere kantxara dator EuroCup Women Txapelketa. 20:00etan hasiko da partidua.
Uztailean jakitera eman zuen FIBA Europak Lointekek sailkatze kanporaketa lehiatu behar duela EuroCup Women txapelketaren Taldekako Fasera pasatzeko. Hala, Basket Namur Capital talde belgikarraren aurkako aurretiazko kanporaketako joaneko partidua da astelehenekoa.
Sarrerak. Partidua ikustera joan gura dutenek, astelehenean leihatilean eskuratu ahalko dituzte sarrerak. Baina, asteburu honetan Malosteko tabernan ere erosi ahalko dira; zapatuan (urriak 6) 11:30etik 12:30era, eta domekan (urriak 7) 16:00etatik 17:30era.
Aste bakarrean, hiru partida. Aste gogorra dute aurretik Lointekeko jokalariek. Zazpi egunetan hiru partidu lehiatuko dituzte. Urriaren 11an (eguena) jokatuko dute sailkatze kanporaketa honetako bueltako partidua, Belgikan (20:30).
Ondoren, urriaren 14an (domeka) hasiko dute Dia Liga, Madrilen. Asteburu horretan, Torrejon de Ardozeko Jorge Garbajosa pabilioian lehiatuko dituzte lehen jardunaldiko partidu guztiak, eta Lointekek Snatt`s Femeni Sant Adria talde katalanaren kontra jokatuko du, 13:15ean.
Eurocup Women. Lau talde daude EuroCup-aren aurre fase honetan, eta bi bakarrik pasatuko dira Taldekako Fasera. Beste sailkatze kanporaketa Nantes Reze (Frantzia) eta VOO Liege Panthers (Belgika) taldeen artekoa da.
Taldekako Fasean 40 talde egongo dira, hamar multzotan banatuta. Multzo bakoitza lau taldek osatuko dute. Lointek Gernika Bizkaiak Taldekako Fasea lehiatzeko txartela lortuz gero, Spar Citylift Girona (Herrialde Katalanak), Uni Gyor (Hungaria) eta Clube Uniao Sportiva (Portugal) taldeen kontra jokatu beharko du. Hain zuzen, lehenengo partidua Gironan lehiatuko luke.