Euskaraldiko kideek izena emateko deia egin diete bermeotar guztiei
Dagoeneko 500 bermeotarrek eman dute izena ekimenean parte hartzeko. Izena emateko epea azaroaren 23ra arte irekita dago. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango duteBermeoko Euskaraldiko kideek nabarmendu dutenez, dagoeneko 500 bermeotar...
Dagoeneko 500 bermeotarrek eman dute izena ekimenean parte hartzeko. Izena emateko epea azaroaren 23ra arte irekita dago. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute
Bermeoko Euskaraldiko kideek nabarmendu dutenez, dagoeneko 500 bermeotarrek eman dute izena ekimenean parte hartzeko. Hala ere, azaroan hamaika egun irango duen egitasmoan izena emateko deia egin diete herritar guztiei.Martitzen arratsaldean Kabidxen egindako agerraldian gogoratu zutenez, izena emateko epea azaroaren 23ra arte irekita dago, lehenengo Euskaraldia martxan jarriko duten egunera arte, hain zuzen ere. Ordutik aurrera, 11 egun euskaraz lelopean, ahobiziak eta belarriprestak Euskal Herri osotik euskara zabaltzen ibiliko dira.
Ekimenaren ordezkariek gogoratu zutenez, 16 urtetik gorako herritar guztiek parte hartu ahal izango dute Euskaraldian, eta hori egiteko hainbat bide dituztela adierazi zuten. Udal Liburutegian, Kiroldegian, Kultur Etxean edo Kabidxen izena eman ahalko dute, baita ikastetxeetan, euskaltegietan, Berbalagunen eta Hizkuntza Eskolan ere. Gune horiez gain, nahi duenak Euskaraldiko webgunean izena emateko aukera dauka.
Izena ematerako orduan, rol biren artean aukeratu behar dela azaldu zuten. Batetik, ahobiziak egongo dira, eta horiek ulertzen duten guztiei euskaraz egiteaz gain, ezezagunei lehen berba gutxienez, euskaraz egingo diete. Belarriprestek, euskaraz ondo-ondo moldatu ez arren, euskara ulertu eta berari hala hitz egitea nahiko du.
Prestakuntza tailerrak
Azaroan nahi dutenentzako prestakuntza tailerrak egingo dituztela adierazi zuten Euskaraldiko kideek. Kabidxen izena eman beharko da tailerretan parte hartzeko, eta bertan, egitasmoak iraungo duen hamaika egunetan zer egingo den, nola jokatu behar den edota bestelako galderei erantzunak ematen ariko direla azaldu dute. Denen artean, erantzun horiek bilatuko dituzte, «giro eta umore onean», parte hartze «atsegina» lortu nahi dute eta.
Tailerrak Kabidxen izango dira, azaroaren 10ean, 15ean eta 21ean, hain zuzen ere. Ordu eta erdiko saioak antolatuko dituztela iragarri dute.
Udala, Euskaraldiagaz bat
Joan den astean Bermeoko Udalak egin zuen osoko bilkuran, aho batez onartu zuten Euskaraldia udal barruan sustatzeko erakunde adierazpena. Horrela, udalbatzak bat egingo du Euskaraldiagaz, eta ekimenaren sustatzailea bilakatuko da.
Onartutako adierazpenean jasotzen denez, «ordezkari politikoen egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta, bereziki, udal barrura begira, ekimena zabaltzea». Hori lortzeko, «ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak» emango dituzte. Horrela, udalak bat egingo du Euskal Herriko beste hainbat eragilegaz Euskaraldia «elkarlanean eta batera garatzeko».