Berritasunez beteta dator Urriko Azoka Nagusia
Urriaren 13an ospatuko da Markina-Xemeinen Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusia. Eskualdeko ganadu lehiaketa egingo da aurten. Karpa erraldoia jarriko dute Zelaiko berdeguneanUrtero modura, urriko bigarren zapatua Lea-Artibaiko nekazari, ekoizle eta abel...
Urriaren 13an ospatuko da Markina-Xemeinen Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusia. Eskualdeko ganadu lehiaketa egingo da aurten. Karpa erraldoia jarriko dute Zelaiko berdegunean
Urtero modura, urriko bigarren zapatua Lea-Artibaiko nekazari, ekoizle eta abeltzainen lanaren erakusleihoa izango da. Berritasunez beteta dator aurten, gainera, Urriko Azoka Nagusia. Beste batzuen artean, Blonda lehiaketaren ordez Lea-Artibaiko ganaduaren erakusketa eta lehiaketa egingo da, eta estreinako aldiz, bertoko produktuekin osatutako I. Bazkari Herrikoia.Beti bezala, Markina-Xemein izango da nekazari, abeltzain eta azoka zaleen bilgunea. Azokak 10:00etan zabalduko ditu ateak, eta egun osoko egitaraua edukiko dute bertaratzen direnek.
Zelaia eta inguruak eta udaletxe osteko aparkalekuaren konpondutako alderdia hartuko ditu aurten azokak. Ohi modura, aparkalekuan egongo dira animaliak, eta hantxe egingo da Lea-Artibaiko ganaduzaleen erakusketa eta lehiaketa. Azoka antolatzen duen Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteko arduradunek azaldu dutenez, behiek eta zaldiek parte hartuko dute lehiaketan. «Zaldiak sokan lotuta egongo dira, eta arraza ezberdinetako behien erakustaldia egingo da horretarako prestatuko den karratuan». Epaileek emandako ebazpenaren arabera, behien arraza bakoitzeko sari bat emango dute, eta zaldien lote onena sarituko da.
Guztira, eskualdeko 39 abeltzainen 280 abelburu baino gehiago batuko dira azokan: behien 80 buru, zaldien 40 buru eta 162 ardi. Horrez gain, Euskal Herriko arraza ezberdinetako abereen erakusketa ere egongo da. Horrela, montxina eta terreña behiak, sasi ardiak, ahuntz azpigorriak, mendiko zaldiak, euskal artzain txakurrak iletsuak eta Gorbeiakoak eta Enkarterriko txakur billanoak, euskal oiloak beltza, gorria, zilarra, marraduna eta lepasoila eta euskal antzara ikusgai egongo dira.
Beti bezala, baserriko produkturik onenak dastatzeko edo erosteko aukera paregabea eskainiko du azokak. Oraingoan baserriko produktuen salmenta zuzeneko 64 saltoki egongo dira, eta horien ondoan, artisauen beste 20 postu, landare mintegi bat eta baserri tresnen lau saltzaile. Urtero modura, ortuari mahairik onenak saria izango du.
Herri bazkaria
Zelaiko gunea itxuraldatuta egongo da aurtengo azokan. Berritasun modura, karpa erraldoi bat jarriko dute berdegunean, eta Zelaiaren inguruan kokatuko diren saltokiak bertara begira egongo dira. Zelaiko karpa horretan egingo dira eguneko ekintza gehienak. Bertan banatuko dira, esate baterako, 16:30ean, Lea-Artibaiko Ganadu Lehiaketako sariak.
11:00ak inguruan, baserriko ogi eta Idiazabal gazta lehiaketa hasiko da. Parte hartzaileek euren produktuak eramango dituzte bertara, eta epaimahaiak erabakiko du zein izango den saria eramango duena. 12:00etan, berriz, behi baten atalak ezberdintzen ikasteko ekimen berezia antolatu dute. Behi baten kanal erdi zatituko du atalez atal harakin batek, pieza bakoitzak zertarako balio duen azalduz. «Jaten denari buruz kontzientzia hartzea da ekimenaren helburua, kalitate eta jatorria kontuan hartzeko». Behia zatitu ahala atalak plantxan erretzen joango dira, pintxo modura saltzeko.
Bestalde, aurtengo berritasun nabarmenena bertoko produktuekin prestatutako herri bazkaria izango da. Zelaiko karpan izango da bazkaria, 14:30ean, eta hiru platereko menua edukiko dute mahaikideek: entsalada, sukalkia eta eskualdeko gozoekin osatutako postrea. Bazkariaren prezioa 15 eurokoa izango da, ogia, ura, sagardoa eta txakolina barne, eta txartelak aldez aurretik erosi beharko dira udaletxeko harreran.
Sari banaketaren ostean, herri kirol ekitaldia egongo da karpan, eta eguna biribiltzeko, 18:30ean, Hika Teatroa konpainiaren Sagartu ikuskizuna egongo da herri bibliotekaren aurreko plazatxoan, Uhagon Kultur Elkarteak antolatuta.
Horrez gain, Leartibai Garapen Agentziaren eskutik kultur tailerrak eskainiko dira Uhagon kulturgunean. Ore amagaz ogia egiten ikasteko tailerra emango dute, alde batetik, 11:30etik aurrera. Bestalde, 12:30ean, artilea lantzeko prozesua erakutsiko dute erakusketa baten bidez, eta hurbiltzen direnek azalpenak entzun eta artilea lantzeko aukera ere edukiko dute oroigarri bat eginez.