Asteburu alaia ekarri dute iraileko azken jaiek
Uda garaia joan egin bada ere, herri eta auzoetako jaiek giroa alaitzen jarraitu dute irailean. Musika, dantza, lehiaketa eta kirol ikuskizunak tarteko, sanmigelek mota guztietako ekimenak ekarri dituzte.Iraila joan egin da, baina Lea-Artibaiko eta Bus...
Uda garaia joan egin bada ere, herri eta auzoetako jaiek giroa alaitzen jarraitu dute irailean. Musika, dantza, lehiaketa eta kirol ikuskizunak tarteko, sanmigelek mota guztietako ekimenak ekarri dituzte.
Iraila joan egin da, baina Lea-Artibaiko eta Busturialdeko bizilagunek modu ezin hobean agurtu nahi izan dute uda garaiko azken hilabetea. Horretarako, nola ez, sanmigelak Amoroto, Ereño, Mendata, Bermeo, Busturia edota Isparteko herritarrei asteburua alaitzera etorri dira.Mendatarrek mexikar giroan ospatu dute aurten San Migel Eguna. Zapatuan, meza ostean, photocall-ean argazkiak atera, eta dagoeneko tradizio handikoa duten kalejira egin zuten Elexalde auzotik Mendaturi auzoraino. Urtero-urtero desberdin girotzen dute kalejira, eta aurtengoan, Puro Relajo taldearen doinuek lagunduta egin zuten. Mexikoko janariak eta edariak dastatuta, egun ederra igaro zuten herrikoek.
Ereñon, ostera, dantza eta jokoen artean aritu ziren zapatuan. Eguerditik hasita, EinGO kantan eta dantzan ikuskizunak alaitu zuen herriko plaza, sukalkiak prestatzen ari ziren bitartean goseari eusteko laguntza eskainita. Sabelak bapo bete ostean, jolasei hasiera eman zieten, eta Ereñoko III. Atxur-Urkilie Jaurtitze lehiaketa izan zen arratsaldeko eskaintza nagusia.
Amorotokoek beste giro desberdin batean ospatu zuten San Migel Eguna. Arta Nagusi Dantza Taldekoek saioa eskaini ondoren, azoka bereziaz gozatzeko aukera eduki zuten herrira hurbildu zirenek. Bertako artisauen garagardoak, pintxoak eta bestelako produktuak dastatu zituzten azokan.
Bermeon, kirolak hartu zuen berebiziko garrantzia zapatu goizean, San Migel auzoan egindako Mountain-Bike lasterketagaz. Arratsaldean, aldiz, musika eta janaria izan ziren auzokoak bildu zituenak; trikitilariekin hasi eta Unholy Coversen rock kontzertua eduki zuten aukeran. DJaren saioagaz agurtu zituzten gauean jaiak. Indarrak berreskuratzeko, hirugihar frijitua dastatu ahal izan zuten San Migelen elkartu zirenek.