'Aprobadie' egingo dute zapatuan Gernika-Lumon
Euskaraldiaren beroketa ekimena egingo dute zapatuan, Gernika-Lumon ospatuko den Euskal Jaiaren magalean. Aprobadie aurrera eramateko egun osorako jarduerak prestatu dituzte antolatzaileek, eta ekimenaren entrenamendua egingo dute eguaztenean Maria Aguirre aretoan, 19:00etan.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den 11 egun euskaraz ekimenerako “entrenamendua” dela Aprobadie jakinarazi dute antolatzaileek. Euskaraldiaren helburu orokorra herritar euskalzaleak aktibatuta, hizkuntza ohiturak aldatzea dela gogorarazi dute, eta horretarako, euskalzaleak aktibatu behar direla esan dute, “egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak eman ditzaten”.
Eguaztenean egingo duten beroketa ekimen hori trebakuntza tailerra izango da, eta ahobizi eta belarriprest rolak betetzeko pautak ezagutaraziko dituzte. Euskaraldian izena eman duten hamaikakoei zein norbanakoiei parte hartzeko deia egin diete; aukeratutako rolaren arabera, tailer batean edo bestean izena eman beharko dute parte hartzaileek.
Aprobadie Euskaraldiaren antolaketarako eta zabalkunderako oinarrizkoa izango dela uste dute antolatzaileek. Eta hori bultzatzeko, udalerriko hainbat eragilek sortu dituzten hamaikakoen laguntza beharko dutela badakite. “Esperientzia pilotu hau baliagarria izango zaigu Euskal Herri mailan izango den 11 egun euskaraz ekimen erraldoia ondo antolatzeko eta bere zabalkundea egiteko. Aprobadie azaroko ekimen handirako leihoa eta hartarako herritarrak izena ematera animatzeko modua izatea espero dugu”.
Parte hartzeko bi euskarri. Aprobadien eta Euskaraldian parte hartzea erabaki dutenek, itsasgarriak izango dituzte eskuragai Gernika-Lumoko Kultur Etxean, Turismo bulegoan, Kiroldegian, Aita Villasante Udal Euskaltegian eta Gernikako AEKn. Belarriprest edota ahobiziak identifikatzeko baliagarriak izango dira horiek, eta aukeratutako kategoriaren arabera eraman beharko dituzte parte hartzaileek.
Euskaraldian euskara bultzatu nahi izanez gero, eman izena gernika-lumo@euskaraldia.eus helbidera elektronikora idatzita edo 688 62 81 17 telefonora whatsappa bidalita.
Euskara “ondo edo erdizka” jakin arren, herritarrei parte hartzeko deia egin die Gernika-Lumoko Euskara Zerbitzuak. Beraien helburua, Euskaraldiarenaren moduan, “lurra samurtu, zutoina jarri eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte euskararen arbola sendotzea” baita.