Lekeition hirugarren bider egingo duten Ibilaldia aurkeztu dute
Bizkaiko ikastolen aldeko jaia familia zein lagunekin euskaraz ospatzeko eguna izatea nahi dute. Ikastolaren proiekturako baliabide ekonomikoak lortzeko bidea ere badaAtzo, Ibilaldia Bizkaiko ikastolen hurrengo jaia aurkeztu zuten Lekeition. Hurrengo j...
Bizkaiko ikastolen aldeko jaia familia zein lagunekin euskaraz ospatzeko eguna izatea nahi dute. Ikastolaren proiekturako baliabide ekonomikoak lortzeko bidea ere bada
Atzo, Ibilaldia Bizkaiko ikastolen hurrengo jaia aurkeztu zuten Lekeition. Hurrengo jaia 40. bidar ospatuko da, eta hori antolatzeko erantzukizuna Lekeitioko Azkue ikastolari dagokio. Hala, 2019ko maiatzaren 19an hirugarren bider ospatuko da Ibilaldia Lekeition, Haratzago lelopean. «Umea ardatz izanik haratzago joan eta hezkuntza eraldatzeko hautua egin du Lekeitioko Azkue ikastolak».Antolatzaileek nabarmendu dutenez, hurrengo Bizkaiko ikastolen aldeko jaia familia zein lagunekin euskaraz ospatzeko eguna izatea nahi dute, «ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz». Aldi berean, Lekeitioko Ibilaldira etortzeko gonbidapena luzatu diote euskal gizarte osoari.
Gaineratu dutenez, jaiak bere jatorrizko arrazoiei eutsiko die aurten ere. Hau da, Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza proiektua ezagutzera ematea, eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea. Baina Ibilaldia ez dela jaialdi soil bat nabarmendu dute. «Ibilaldia Bizkaiko ikastolen aldeko jaia da, baina, era berean, berdintasuna, eskuzabaltasuna, hezkidetza, eta ikastoletan lantzen ditugun beste balio guztien isla izatea nahi dugu. Urte osoan garatuz doan proiektua da. Era honetan, urte osoan ariko gara elkarlanean, jarritako helburuak bete nahian».
Ibilaldiaren helburua, bestalde, Azkue ikastolako hezkuntza eredua herriratzea eta ezagutzera ematea dela azpimarratu dute. Eta herriko ikastolan egindakoaren berri emateaz gain, publikotasun eredu propioa eraikitzeko beharrezko eztabaida ere plazaratu dute antolatzaileek. «Ibilaldiak eredu berri horren erakusleihoa izan nahi du, orain arte ikastolan landutakoa ezagutzera eman eta aurrera egin beharrekoak zehazteko. Azkue ikastolaren helburua herriari urteetan landutako proiektua ezagutaraztea da, eta Ibilaldia izango da horretarako tresna. Azken urteetan sakoneko aldaketa ugari egin ditugu gure ikastolan, baina oraindik ere hezkuntza eredua eraikitzeko asko daukagu egiteko».
Eta honako balorak bultzatuko dituzte: euskara, parekidetasuna, hezikidetza, jasangarritasuna, parte hartzea eta inklusioa.
Aldi berean, proiektua baliabide ekonomikoz bideragarri bihurtzeko bidea ere badela gogorarazi du Ibon Goitia Azkue ikastolako zuzendariak. «Helburuak bete nahi baditugu, baliabide batzuk behar ditugu. Aurten Ibilaldian, eta bertara arteko bidean, horretan ariko gara».
Andoni Seijo Lekeitioko EH Bilduko zinegotzia ere bat etorri da Ibon Goitia ikastolako zuzendariagaz. Seijok ikastolako mugimendu guztiari eskerrak eman eta «haratzago» jarraitzera animatu ditu.
Etorkizunera begira
Hurrengo Ibilaldiaren leloaren nondik norakoen berri ere eman dute aurkezpenean. «Leloa sortzeko hausnarketan hasi ginenean konturatu ginen gure ikastola bere sorreratik beti haratzago joan dela. Garai eta testuinguru bakoitza kontutan izanda, beti haratzago. Ikastola aitzindaria izan da, gure bidea egiteko beharrezkoa delako jarrera hori», azladu du Ainara Ikaran Azkue ikastolako lehendakariak.
Eta, bide horretik, 2019ko Ibilaldia «haratzago» eraman nahi dutela adierazi dute ikastolako ordezkariek. Aurten gizartean eta hezkuntza komunitate barruan dauden eztabaidak eta egiten ari diren proposamenak plazaratu nahi dituzte antolatzaileek, espazio berri bat irabazi nahian. «Pil-pilean dabil gaia, eta hezkuntza arloko hainbat eragilek landutako proposamena oinarri hartuta, eta bakoitzak duen esperientziatik abiatuta, errespetuz, konfiantzaz eta heldutasunek Euskal Hezkuntza Publiko bateratzaile (herritarra eta komunitateari begira dagoena) baterako oinarriak nahi digutu. Denontzat eta denona izango den Euskal Ikastola/Eskola, alegia», agertu du Ibon Goitia ikastolako zuzendariak.
Koldo Goitia Lekeitioko alkatearen iritziz, Ibilaldia Lekeitiora hirugarren bidar etortzea «ohore handia» da. «1983an egin zen estreinako, gero, 2003an Dzanga geurera leloagaz eta 2019an izango da hirugarren bider Ibilaldia Lekeition». Zehatz esanda, hurrengoarekin bosgarren bider egingo da Ibilaldia Lea-Artibai eskualdean (beste biak Ondarroako Zubi Zahar ikastolak antolatu zituen 1993an 2011n).
Alkatearen esanetan, aurreko Ibilaldian 100. 000 bat pertsona bertaratu ziren Lekeitiora, eta hurrengoan ere bide beretik jarraitzeko nahia agertu du. «Ea 2019ko maiatzaren 19an ere hori kopurua batzen dugun edo erakartzen dugun Lekeitiora. Eta, aha bada, ea gehitzen dugun».
Eskurik esku
Aurtengo Ibilaldiaren nondik norakoak aurkezteaz gain, jaiaren lekukoa ere atzo jaso zuten ofizialki Lekeitioko ikastolakoek. Ibilaldiaren antolatzaileen eskutik eta Andone Ruiz Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolako zuzendariaren eta Asier Fontal Bihotz Gaztea ikastolako zerbitzu zuzendariaren eskutik jaso zuten lekukoa Ainara Ikaranek eta Ibon Goitiak.
Josune Bañalesek azaldu duenez, bestalde, Ibilaldiaren data oraingoan ere aldatu egin behar izan dute. «Maiatzaren hirugarren domekan, hau da, azken urteotan baino astebete lehenago egingo dugu 2019ko Ibilaldia Haratzago lelopean».