'Askatasuna erabakitzea da' adierazpena aho batez onartu du udalak
Gernika-Lumoko Udalak Gure Esku Dagok antolatutako ekimenagaz bat egiten duela esan zuen eguazteneko osoko bilkuran. Bertan, Askatasuna erabakitzea da adierazpen instituzionala aho batez onartu zuten.Euskal Herriarentzat Gernika-Lumo bakearen sinboloa ...
Euskal Herriarentzat Gernika-Lumo bakearen sinboloa dela aitortu zuten, eta udalerrian bizitako izua ez dela oztopo izan «elkarbizitza eta bake iraunkorreko etorkizunaren alde egiteko».
«Kataluniako erreferendumean gertatutakoa ekarri nahi dugu gogora eta azpimarratu botoa ematea eta herritarren esku hautetsontziak jartzea bide demokratikoa dela», azaldu zuten bilkuran. Era berean esan zuten urriaren 1ean katalanek erakutsi zutela etorkizuna modu demokratiko eta askean erabakitzeko ausardia.
Guztia gogoratuta, 2017ko urriaren 1ean gauzatutako erreferendumaren balioa aintzat hartzen zuela adierazi zuen udal gobernuak. Gainera, elkartasun eta besarkada beroa bidali zieten «jardute demokratikoa betetzeagatik» beraien eskubide zibil eta demokratikoak urratu dizkieten preso eta senideei.
Burujabetasuna izateko asmoa duten herrietan erabakitzeko askatasuna legitimoa dela ere adierazi zuten, eta proiektu politiko ezberdinak bereizketarik gabe onartzen dituen demokrazia aurreratua nahi zutela ere esan zuten: «Udalak hurbileko etorkizunean kontsulta demokratikoak ahalduntzeko gogoa adierazten du».