Lau t' erdiko txapelketa jokatuko dute Etxanizek eta Arrizabalagak
Martxan da berriro ere Emakume Master Cup txapelketako Lau eta Erdiko lehiaketa. Antolakuntzak txapelketa berrian parte hartzeko izen ematea zabaldu du, eta pilotariek urriaren 7ra arte edukiko dute Emakume Master Cuparen webgunean izena emateko aukera...
Izen ematea zabaltzeagaz batera, orain arteko Emakume Master Cup txapelketetan puntan ibili diren pilotari batzuen parte hartzea baieztatu dute, orain arteko Master Cup guztietan txapeldun izan den Leire Etxaniz pilotari etxebarritarrarena, besteak beste. Era berean, orain arte binakoan bere bikote izan den Olatz Arrizabalaga gernikarrak ere parte hartuko duela baieztatu dio HITZAri. Lehen mailan ariko dira biak.
Etxebarritarraren ustez, Emakume Master Cupak bultzada handia eman dio emakumeen pilotari. «Udara begira ere partidu asko atera dira, eta denok gaudela uste dut txapelketa hau hasteko desiatzen». Entrenatzen ere hasita daudela aitatu du Etxanizek.
Urriaren 20an hasiko da norgehiagoka, eta aurreko urteetan bezala, bi mailatan jokatuko da: Lehen mailan eta Promoziokoan. Guztira, zazpi jardunaldi izango dira, eta datak zehazteko badaude ere, finalaurrekoak eta finala abenduaren lehen hamabostaldian izango direla aitatu dute antolatzaileek.
Aurtengo finalak Gipuzkoan jokatzea erabaki dute, «Azkoitia bezalako pilota tradizio handiko herri batean». Finalerdiak, berriz, Amezketako Larrunarri pilotalekuan jokatuko dituzte, eta sailkatze faseko partiduak oraindik zehazteke dauden Bizkaiko zenbait herritan.