Gernika-Lumon zapatuan ospatuko den Gure Esku Dagoren
“elkartasun” ekitaldian iazko urriaren 1eko Kataluniako
erreferenduma gogoratuko dute; Carles
Puigdemontek parte hartuko du bideokonferentzia bidez. Ekitaldia Astra kanpoandean egingo da 17:30etik aurrera.
Ekitaldian
bakearen eta demokraziaren alde egingo dutela gogorarazi du Anjel Oiarbide Gure Esku Dagoko bozeramaileak: “Euskal herritarrok aukera paregabea izango dugu Kataluniagaz eta katalanekin bat egiteko. Munduari bakearen, demokraziaren eta askatasunaren desioekin bat egiten dugula adierazteko. Izan ere, elkartasuna erakutsiz bidaliko diogu mezua munduari”.
Mende honetako
erronka politikoak betetzeko bidea, “bide demokratikoa edo politikoa” izan behar dela adierazi du bozeramaileak, “asmo eta helburu politikoak lortzeko bidea” hori dela seinalatuz.
Urriaren 1eko erreferenduma gogoratuko dute zapatuan, eta Kataluniako herritarrek iaz izan zuten jarrera, determinazioa, borondatea eta duintasunagaz bat egiten dutela agertuko dute bertaratutakoek. “Herritarrek izan zuten determinazio eta borondate guztiarekin bat egingo dugu,
modu duin eta baketsuan egin zuten erreferendumarekin bat egiteko“, aitortu du Gure Esku Dagoko bozeramaileak.
Hori horrela, Kataluniako eta Euskal Herriko eragile sozial eta politiko ezberdinen ordezkaritza zabala egongo dela adierazi du Oiarbidek, “zapatukoa ekitaldi politikoa izateaz gain, ekitaldi oso berezia izango delako”. Euskal Herriko jendea batuko du ekitaldiak, baita Kataluniakoak ere.
Horregatik, Gure Esku Dagok ekitaldian parte hartzeko dei berezi bezain zabala egiten die Euskal Herriko herritarrei. Iazko Bilboko kaleak elkartasun keinu moduan bete zituzten moduan, Gernika-Lumoko ekitaldia jendez betetzeko eskatu die: “Gernikatik munduari mezu berezi bat bidali nahi diegu, eta horregatik, parte hartzeko deialdi berezia egiten diegu herritarrei”.
Astrako obra. Ekimen nazionalerako Astran prestatu duten obra herriko norbanakoen eta eragile sozialen lanagaz egin dutela aitortu du bozeramaileak: “Auzo lanagaz bultzatutako sormen eta elkarlan handi baten ondoren Picassoren
Guernica murala bukatu dugula esan dezakegu. 100×50 metroko murala egin dugu Gernikan, seguraski sateliteetatik ikusteko modukoa”.
Politikari katalanek bat egin dute aldarriagaz. Kataluniako alderdi desberdinetako politikariek Gure Esku Dagok zapatuan Gernika-Lumon antolatutako ekimenagaz bat egin dute.
Kataluniako parlamentariak. Argazkia: Gure Esku Dago
Junts Per Catalunya, Esquerra Republicana eta CUPeko parlamentariak izan dira ekimena bultzatu dutenak. Kataluniari «elkartasuna» adierazteko asmoz hainbat izango dira zapatuko ekimenera hurbilduko direnak.
HONEKIN LOTURA
‘Askatasuna erabakitzea da’ adierazpena aho batez onartu du Gernika-Lumoko Udalak
Gure Esku Dagok askatasuna erabakitzea dela aldarrikatuko du Gernika-Lumon, irailaren 29an