Goixerri eta Andonegi mutrikuarrek jokatuko dute Interjaiko finala
Urriaren 6an jokatuko den Xisterako Interjai Txapelketako finala erabakita gelditu da asteburuan. Goixerri eta Andonegi mutrikuarrak izango dira Antxon eta Ibarluzea Etxebarriko puntisten aurka ariko diren pilotariak. Hiru bikote lehiatu ziren zapatuan...
Andonegik sekulako neurketa egin zuen atzean, eta Goixerrik ez zuen barkatu, aurrean tantoak lortuz bata bestearen atzetik. Xisterak jakitera eman duenez, aurrelari mutrikuarrak bihurritua eduki zuen orkatilan kinielaren erdialdera, «hala ere, berea ederki egin zuen». Bailo eta Manzi saiatu ziren irabazleei eusten, baina mutrikuarrek garaipenari kolpe zioten.
Sarrera bikaina eduki zuen Donibane Lohizuneko Campos Berri Jai Alai pilotalekuak, Xisterak jakitera eman dutenez, 500 ikuslek bete zituzten harmailak.
Pilotazale horiek guztiek bosgarren eta seigarren posturako norgehiagoka ikusteko aukera ere eduki zuten. Iturrino eta Susoren ordez Mandiola eta Tocoullet-ek jokatu zuten Etxeberri eta Zugaitzen kontrako kiniela. Garaipena Etxeberri eta Zugaitzen aldera joan zen, hirugarren jokoan apurtu zuten berdinketa.