2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehenengo kanporaketa
urriaren 6an (Euskal Jaia) lehiatuko dute, Lizeo Antzokian. 17:00etan hasiko da saioa, eta eskualdeko bi ordezkari egongo dira:
Asier Galarza Garai muxikarra eta Julen Erezuma Arzanegi gernikarra.
Horiekaz batera Garikoitz Sarriugarte Onaindia zaldibartarra, Imanol Uria Albizuri algortarra, Ion Barrocal Besga trapagarandarra eta Paule Ixiar Loizaga Legarra sopelarra igoko dira taula gainera.
Txapelketako udazkeneko fasean bederazi bertso saio egingo dituzte,
hiru fasetan banatuta: kanporaketak, finalaurrekoak eta finala. Hain zuzen,
abenduaren 15ean lehiatuko dute
finala, Bilbon.
Udazkeneko fasea
bost kanporaketagaz hasiko da. Saio bakoitzean seina bertsolari egongo dira; Udabarriko Fasetik sailkatutako 29 bertsolariak eta Oihana Bartra (2014ko txapelketaren finalista izategatik). Aipatu 29 bertsolarien artean daude,
Galarza, Erezuma, Ander Elortegi Garatea natxituarra, eta
Julen Ibarguengoitia Ordorika eta Ibai Amillategi Omaetxebarria gernikarrak.
Ondoren,
hiru finalaurreko lehiatuko dituzte; seina bertsolari bakoitzean. Bost kanporaketen irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalerdietara, eta horiekin batera, beste bost bertsolari puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Era berean, 2016ko txapelketaren zortzi bertsolari finalistak ere fase honetan sartuko dira lehian, zortzikote horretan daude
Onintza Enbeita Maguregi muxikarra eta
Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia gernikarra. Finalaurrekoetako hiru irabazleak zuzenean sailkatuko dira abenduaren 15eko finalera, eta gainontzeko bost bertsolari finalistak puntuazioaren arabera sailkatutakoak izango dira.
Sarrerak. Kanporaketetarako sarrerak salgai daude dagoeneko
www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioetako egunetan txarteldegietan ere eskuratu ahalko dira, 16:00etatik aurrera.
Halaber, aurten ere saio guztietarako bonoa egongo da eskuragai. Bonoak kanporaketa eta finalaurreko guztietarako balioko du; finalerako, ostera, ez.
Gaur goizean Bilbon aurkeztu dute txapelketa.
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako aukeratu duten
irudia baso koloretsu bat da.
Mezua, berriz, Maite Berriozabal Berrizbeitia berriztarrak egin du. Berriozabalek urteak daramatza gai jartzaile taldean, “ekosistemako enbor sendo batean”.
KANPORAKETAK:
-URRIAK 6 (GERNIKA-LUMO)
- Asier Galarza Garai (Muxika)
- Garikoitz Sarriugarte Onaindia (Zaldibar)
- Imanol Uria Albizuri (Algorta)
- Ion Berrocal Besga (Trapagaran)
- Julen Erezuma Arzanegi (Gernika-Lumo)
- Paule Ixiar Loizaga Legarra (Sopela)
-URRIAK 14 (SANTURTZI)
- Arrate Illaro Etxebarria (Getxo)
- Ekaitz Larrazabal Gutierrez (Algorta)
- Eneko Abasolo Txabarri (Iurreta)
- Imanol Arrutia Azkueta (Artzentales)
- Iñaki Iturriotz Zuluaga (Igorre)
- Malen Amenabar Larrañaga (Larrabetzu)
-URRIAK 21 (AMOREBIETA-ETXANO)
- Aitor Esteban Etxebarria (Urduliz)
- Ander Elortegi Garatea (Natxitua)
- Ander Uzelai Aristi (Artzentales)
- Inazio Vidal Gurrutxaga (Leioa)
- Txaber Altube Sarrionaindia (Abadiño)
- Unai Mendiburu Valor (Algorta)
-URRIAK 28 (PLENTZIA)
- Aitor Bizkarra Ruiz (Abadiño)
- Arkaitz Zipitria Mendizabal (Arrigorriaga)
- Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango)
- Julen Ibarguengoitia Ordorika (Gernika-Lumo)
- Peio Ormazabal Villanueva (Arrigorriaga)
- Peru Vidal Gurrutxaga (Leioa)
-AZAROAK 4 (BERRIATUA)
- Asier Alcedo Cano (Portugalete)
- Ibai Amillategi Omaetxebarria (Gernika-Lumo)
- Itxaso Paia Ruiz (Algorta)
- Josune Aramendi Perez (Markina-Xemein)
- Lander Ibarluzea Bikandi (Etxebarria)
- Oihana Bartra Arenas (Bilbo)