Etxeko lehen partidua, bizi-bizi
Gernika Rugby Taldeak 23-24 galdu du Ordiziaren kontra ligako Urbietako lehenengo norgehiagoka. Etxeko taldeak nagusitasunez jokatu du azken momentura arteHeineken Ligaren lehen jardunaldian Independiente Rugbyren kontra galdu (54-21) ostean, denborald...
Gernika Rugby Taldeak 23-24 galdu du Ordiziaren kontra ligako Urbietako lehenengo norgehiagoka. Etxeko taldeak nagusitasunez jokatu du azken momentura arte
Heineken Ligaren lehen jardunaldian Independiente Rugbyren kontra galdu (54-21) ostean, denboraldiko etxeko lehen partiduan lehenengo garaipena eskuratzeko gogoz zeuden basurdeak. Etxekoen aurrean Ordiziari irabaztea zen erronka, baina gutxigatik bada ere, ezinezkoa izan zen. Zapatuan 23-24 amaitu zen Urbietako partidua.Gogotsu zelairatuta, partidu hasiera ezin hobea izan zen etxekoentzat. Zelaian nagusi ziren, eta euren erasoko jokaldien aurrean, aurkariak noraezean ibili ziren.
Nagusitasun horrek berehala izan zuen saria. Matias Frutosek entsegua egin eta berak transformatu zuen, markagailua estreinatuz. 8. minutuan, 7-0 aurreratu zen etxeko taldea. Bost bat minutu beranduago, zigor kolpe bategaz aldea murriztu zuten ordiziarrek.
Hala eta guztiz ere, egoera ez zen aldatu, eta etxekoek nagusitasuna mantendu zuten hurrengo minutuetan ere. Gainera, Frutosek aldea handitu egin zuen zigor kolpe bategaz. Lehenengo zatia intentsitate handikoa izan zen, eta azkenengo minutuetan intentsitatea areagotu egin zuten.
Basurdeak euren bigarren entsegua egiteko gertu ibili ziren jokaldi batean. Horretan jokaldia marka lerrotik oso hurbil bukatu bazuten ere, berehala heldu zen bigarren marka. Santiago Percellok lortu zuen etxekoen bigarrena, eta Frutosek transformatu zuen.
Alabaina, lehenengo zatia albiste txarrekin amaitu zuten. Izan ere, Mateo Bast eta Andoni Larrabeiti barik geratu zen talde gernikarra.
Bigarren zatiaren hasieran, lehenengo zatiko jokoari eutsi zion etxeko taldeak. Zelaian gogotsu eta bizi-bizi jokatuta, zigor kolpe bategaz 20-3 markagailuagaz jarri ziren. Aurkariek zeukaten abantaila aprobetxatu nahi zuten, baina ez zen entsegurik heltzen. Bigarren zatiko 11. minutuan marka egitetik hurbil egon ziren. Basurdeak defentsan sendo aritu ziren, eta aurkarien erasoko jokaldiei arazo barik aurre egin zieten.
Ordiziarren susperraldia
Hala ere, ordiziarren ahaleginak fruitua izan zuen, eta entsegua egitea lortu zuten (20-10). Basurdeek beste hiru puntu eskuratuta erantzun zieten aurkarien lehen entseguari.
23-10eko markagailuagaz, Ordizia partiduan sartu zen, eta beste entsegu bat eginda aldea sei puntura murriztea lortu zuen. Ondoren, Mateo Bast kapitainak zelaia utzi behar izan zuen, bigarren txartel horia ikusi zuelako. Zazpi minutu geratzen ziren partidua amaitzeko, eta bi taldeetako jokalariek garaipena ziurtatu gura zuten.
Ordiziarrek markagailua irauli zuten orduan: 23-24. Emaitza horregaz amaitu zuten partidua, eta basurdeek puntu bakarragaz konformatu behar izan zuten.