‘Liligiroa’ izeneko hiru bertso saio antolatu ditu Lilibertsok
Liligiroa izenburupean hiru bertso saio antolatu ditu Lilibertso bertsolari taldeak irailerako eta urrirako.
Eskualdeko bertsolariek parte hartuko dute bertso afari horietan, baita Busturialdekoak ez diren beste bertsolari ezagunek ere. Lehenengoa zapatuan, irailaren 29an, egingo dute 21:00etan Kortezubiko txokoan. Bertan, Asier Galarza muxikarrak eta Julen Erezuma gernikarrak abestuko dute. Bi bertsolariekin, Beñat Ugartetxea eta Xabat Galletebeitia ariko dira kantuan.
Kortezubiko bertso afarian egon nahi dutenek bihar dute izena emateko azken eguna. Horretarako, goizean udaletxera deitu beharko dute, eta arratsaldean, berriz, hurrengo telefono zenbakira: 616 79 92 56.
Beste bi saioak. Bigarren saioa Muxikako Ariatzako txokoan egingo dute urriaren 12an 20:00etan, eta azkena, 26an izango da Errigoitiko Ikuilu txokoan, 21:00etan.
Muxikan, Ander Elortegik, Julen Ibarguengoitiak, Unai Iturriagak eta Oihana Bartrak abestuko dute. Eta Errigoitin, berriz, Ibai Amillategi, Ibon Ajuriagogeaskoa, Miren Amuriza eta Igor Elortza egongo dira oholtzan.