«Pablo Novoagaz lan egitea zerutik jausitako opari handi bat da»
Pablo Novoagaz batera arituko zara egun hauetan, Atlantikaldia 2018a dela eta. Zelan egin duzue biok bat?Pablok nire disko baten parte hartu zuen, orain hiru urte. Oreretako Atlantikaldia 2018an parte hartzeko deitu zidan, beragaz jotzekoa zen Nono Gar...
Pablok nire disko baten parte hartu zuen, orain hiru urte. Oreretako Atlantikaldia 2018an parte hartzeko deitu zidan, beragaz jotzekoa zen Nono Garciak ezin zuela eta.
Zer aurkitu ahal izango da Atlantikaldia 2018 ekitaldian?
Jaialdiak hainbat herrialdetako musikariak batzen ditu. Musika mota ugari landuko dira, eta mundu mailako mugimendu kulturalak batuko dira. Novoak eta biok bihar joko dugu elkarregaz; 18:00etatik aurrera, herriko plazan.
Asteburu bete-betea daukazu aurretik….
Arrasaten beste jaialdi bat daukagu domekan. Talde eta bakarlari batzuk batuko gaituzte Amaia antzokian, Xot diskoetetxea erre zela hiru hiru urte bete direla eta. Ruper Ordorika, Zea Mays eta beste musikari batzuk ere elkartuko dira diskoetxe historikoaren lana gogoan hartuta.
Eta jaialdi baten eta bestearen artean, zapatuan, Lekeition. Zelan lotu zenuten emanaldia?
Jaialdi horiek biak lotuta, Pablok komentatu zuen beste areto txiki baten ere nahiko lukeela jo, era ez hain formalean, publikoagaz harreman zuzenagoan. Horrela atera zen Lekeitioko emanaldia.
Lekeitioko lagunen inplikazioagaz lotu duzu zapatuko emanaldi hori. Non eta ze ordutan joko duzue?
Otoio tabernan joko dugu, 21:30ean. Eta, bai, Lekeitioko lagunekin batera lotutako ekitaldia da. Maukamusik diskoetxea daukagunez, ideia ona bururatu zitzaigun Lekeition emanaldi bat prestatzea.
Aurkezpen handirik behar ez duen musikaria edukiko duzu alboan….
Novoak, batez ere gitarrista eta pianista den arren, musika tresna ugari jotzen ditu; Golpes bajos talde mitikoan aritu zen, eta handi guztiekin jo du, baita ekoizle lanetan aritu ere. Niretzat, adibidez, aurkikuntza handi-handia izan da jakitea Itoizen Espaloian diskoa berak grabatu zuela. Niretzat hori perla bat da.
Erronka ederra daukazu aurrean hurrengo egunotarako…
Niretzat zerutik jausitako opari handi bat da. Euskal Herriko musikariok elkar ondo ezagutzen dugu, eta bategaz ez bada besteagaz jotzen dugu. Estatu mailan entzute handi-handikoa da Novoa. Agertokia horrelako musikari erraldoi bategaz partekatzea gauza handia da.
Agertokia ez eze, ordu asko ere partekatu dituzue.
Beragaz egonda, gauza asko ikasi ditut; ederto demasean pasatu dut. Esperientzia polita izan da. Gainera, musikari modura ez eze, pertsona modura ere balio handiko pertsona da. Ondo-ondo konpontzen gara.
Ze prestatu duzue hiru egun hauetarako?
Ordubeteko emanaldia prestatu dugu. Berak proposatuta, neure errepertorioa hartu dugu, ia osorik, eta, horrez gain, bertsioak: lau bertsio eta neure beste zortzi bat abesti, denetara. Berezia da norbere abestiak horrelako musikari handi bategaz jotzea. Abestiak beste leku batera eroaten ditu.
Zelan prestatu zarete emanaldirako?
Ondarroan batu gara egunotan, entsegatzeko. Hurrengo hiru egunotarako antolatu dugun arren, nahi izanez gero, hor gelditzen da, hurrengo batean ere errepikatu nahi izanez gero.
Hurrengo hilabeteetara begira, disko bat ateratzeko proiekturik badaukazu esku artean?
Ez daukat disko bat kaleratzeko asmorik, epe motzera. Emanaldiak ateratzen ari dira, eta gozatzen ari naiz.
Aurrera begira hitzorduren baten berri ematerik bai?
Geure gustuko musikariekin jotzeko aukera edukitzen dugunez, azaroaren 2an De Pedro musikariagaz joko dut, Iruñeako Indara aretoan.