Enpresa Berrien VI. Azokak dozena bat enpresa batuko ditu Ispasterren
Lea-Artibaiko Ekintzailearen Eguna eta Ispasterko Nekazal Azoka ospatuko dituzte zapatuan. Eskualdeko Enpresa Proiektu Lehiaketara 27 proiektu aurkeztu dituzteEskualdeko ekintzaileen lana azaleratu eta merezi duten errekonozimendua ematea helburu duen ...
Lea-Artibaiko Ekintzailearen Eguna eta Ispasterko Nekazal Azoka ospatuko dituzte zapatuan. Eskualdeko Enpresa Proiektu Lehiaketara 27 proiektu aurkeztu dituzte
Eskualdeko ekintzaileen lana azaleratu eta merezi duten errekonozimendua ematea helburu duen Lea-Artibaiko Ekintzailearen Eguna egingo dute etzi.Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak antolatuta, Enpresa Berrien Azokak seigarren urtea du aurtengoa, eta beste urtez batez, eskualdeko hainbat enpresa sortu berrik euren produktu eta zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko dute. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, dozena bat enpresak baieztatu dute azokan egongo direla.
Askotariko sektoreak edota enpresa motak elkartuko dira Ispasterren. Besteren artean, energia berriztagarrien eta eraikuntza jasangarrien enpresetako postuak egongo dira, bai eta lore, argazkilaritza, marketing digitala eta osagarrien enpresak ere.
XII. Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren sariak ere banatuko dituzte. Ekintzailetza lana saritzea eta laguntzea helburu duen lehiaketara 27 proiektu aurkeztu dituzte aurten. Kooperatiben Mahaia Elkartearen laguntzagaz antolatzen duten lehiaketa horren garrantzia nabarmendu dute. Izan ere, azaldu dutenez, «gero eta harrera hobea» dauka eskualdean, eta horren adibide jarri dute aurten aurkeztutako kopurua.
Negozio ideia berritzaileak modalitatean, 2.000 eurogaz sarituko dute proiektu irabazlea, baita kooperatiba izaera juridikoa duen enpresaren atalean nagusitzen den proiektuak ere. Halaber, merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa modalitateko irabazleak 1.500 euro jasoko ditu. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektu gehienak azken modalitate horretakoak direla azaldu dute Azaro Fundazioko ordezkariek.
Jasangarritasuna sarituz
Aurten, gainera, berritasun modura, bi modalitate gehitu dituzte: emakume ekintzailea eta negozio ideia jasangarria. Batean zein bestean 750 euro jasoko ditu proiektu irabazleak.
Bertoko enpresa eta ekoizleen erakusleiho paregabea da enpresa berrien azoka. Eta zeregin horretan eredugarri dira baita ere lekuan lekuko nekazal azokak. Iaz, Berriatuko Nekazal eta Arrain Kortserba Azokaren eremuan egin zuten Lea-Artibaiko Ekintzaileran Eguna, eta oraingo honetan, Ispasterko Nekazal Azoka aukeratu dute eguna ospatzeko.
Eskualdeko zein Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako ekoizleen eta artisauen bilgune izango da beste behin ere azoka; sei artisau postu eta janari-edarien hamahiru postu jarriko dituzte.
Berriatua, Bedarona, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Mungia, Zeanuri, Bilbo eta Lasarteko produktu fresko eta ekologikoez beteko da plaza, eta haien alboan, Ispaster, Lekeitio, Gernika-Lumo, Barakaldo, Atxondo eta Soraluzeko artisauen lanak egongo dira.
Produktuak erosteko eta dastatzeko aukeraz gain, aurten ere inguruko baserritarren animaliak egongo dira ikusgai. Txakurrak, ponyak, behiak, idiak, ahuntzak, ardiak, ahari eta aker bana, oiloak eta abar bertatik bertara ikusteko aukera ederra izango dute azokara bertaratzen direnek.
Bestalde, eskualdeko Herribixi kooperatibaren eskutik, tailer bitxi bat eta klown eta antzerki ikuskizuna egingo dituzte eguerdian. Goizean ikuskizun horretarako eszenatokia prestatuko dute umeekin; gura dutenek hurbildu eta denen artean egingo dute eguerdiko ikuskizunerako erabiliko duten atrezzoa.
Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dauka egoitza Herribixik, eta aisialdian euskara eta euskal kultura sustatzen ditu: «“Iaz sortutako kooperatiba txiki bat da; euskararen alde eta euskal kultura zabaltzeko ikuskizunak eskaintzen dituzte. Eurak izango dira dinamizatzaileak».