Lehenengoz, emakumezkoen futbol eta errugbi txapelketa lehiatuko dute
Zapatuan 10:00etatik aurrera lau futbol talde eta lau errugbi talde batuko dira Urbietan. Antolatzaileen berbetan, parekidetasuna suspertzea da txapelketaren helburu nagusiaAurten lehenengoz ospatuko den Gernika Hiria txapelketa jokatuko dute emakumezk...
Zapatuan 10:00etatik aurrera lau futbol talde eta lau errugbi talde batuko dira Urbietan. Antolatzaileen berbetan, parekidetasuna suspertzea da txapelketaren helburu nagusia
Aurten lehenengoz ospatuko den Gernika Hiria txapelketa jokatuko dute emakumezkoen errugbi eta futbol taldeek zapatuan. Guztira zortzi talde batuko ditu lehiaketak; lau futbol taldek eta lau errugbi taldek parte hartuko dute.Urbietan jokatuko den torneoa «parekidetasuna suspertzeko» txapelketa dela azaldu du Leire Bidaguren Gizarte Ekimeneko zinegotziak.
Zehaztu zuenez, txapelketa antolatzen dute kirolak sexuaren, arrazaren, erlijioaren eta nazionalitatearen mugak gainditzen dituelako. «Kirolean aritzen diren emakumeek genero estereotipoei aurre egiten diete, herritarren eredu bihurtzen dira, eta emakumezkoak eta gizonezkoak berdintasunean jartzen dituzte beraien lanari esker».
Bidagurenen berbetan, Gernika Hiria Txapelketa «oztopoak gainditzeko urrats bat» izango da, «talde lana, bizikidetza, lidergoa eta kiroltasuna ikusgai jarriko dituena». Saskibaloiaz gain, emakumeen beste bi talde ere badaudela ezagutarazi nahi die udalak gernikarrei eta eskualdeko beste herritarrei. «Emakumeak animatu gura ditugu kirol hauetan parte hartzera eta ondo pasatzera».
Txapelketari dagokionez, «gozamenerako eta ikasteko aukera izateko» ospatuko dela adierazi du.
Guztira zortzi emakumezkoen talde batuko dira Gernika-Lumon, eta 10:00etan hasita jokatuko dituzte partiduak.
Parte hartzaileak
Gernika Rugby taldeagaz batera, Getxo Rugby Taldeak, AVIA Eibar Rugby Taldeak eta Universitario Bilbao Rugby Clubek parte hartuko dute txapelketan.
Gernikarrak bilbotarren aurka lehiatuko dira, eta getxoztarrak berriz, zornotzarren aurka. Irabazten dutenek elkarren aurka jokatuko dute, eta txapelduna nor den erabakiko da.
Futboleko taldeak SD Amorebieta, Ezkurdi KT, CD Vitoria eta Urdaibai FT dira. Herriko taldeak Ezkurdi KTren aurka jolastuko du lehenengo, eta beste partidua CD Vitoria SD Amorebietaren artekoa izango da. Finala jokatuko dute ondoren.
Txandakatzen joango dira partiduak, kirolaren arabera; futboleko partidagaz hasi eta errugbikoagaz jarraituko dute, norgehiagoka guztiak bukatu artean. Futbol partidek 30 minutuko iraupena izango dute, eta errugbikoek 20 minutukoa.
Txapelketa bukatzen denean, 3. denbora egongo dela jakinarazi du Bidagurenek. Irabazleek garaikurra eramango dute, eta parte hartzaile guztiek kamiseta bat oroigarri modura.