Bizkaibusek Bermeoren eskariak kontuan ez hartzea salatu du udalak
A3527 linea domeketan eta jai egunetan ere jartzeko eskaria egin zion udalak Bizkaiko Foru Aldundiari; udalak dio eskaerari ez diotela erantzun ere eginBizkaibusek Bermeoko herriaren «eskaerak eta beharrizanak» ez dituela kontuan hartzen salatu du Be...
A3527 linea domeketan eta jai egunetan ere jartzeko eskaria egin zion udalak Bizkaiko Foru Aldundiari; udalak dio eskaerari ez diotela erantzun ere egin
Bizkaibusek Bermeoko herriaren «eskaerak eta beharrizanak» ez dituela kontuan hartzen salatu du Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak.Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen dituen A3527 linea domeketan eta jai egunetan ere jartzeko eskaria egin zion udalak Bizkaiko Foru Aldundiari, eta, aldundiak «ez zuela eskaera kontuan hartu» esan du Ibarrolazak: «Ez zuten gure eskaera erantzun ere egin. Gainera, orain Bakioko Udalaren eskariz eta hondartzen denboraldiagaz bat etortzeko, A3516 Bilbao-Mungia, A3518 Bilbao-Mungia-Bakio eta A3527 Bilbao-Mungia-Bermeo lineen egutegia irailaren 30era arte luzatzea erabaki dute».
Bizkaibusen erabaki horren aurka agertu da alkateordea, Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen dituen A3527 linea barik geratzen direlako. Autobus linea hori «ezinbestekoa» dela argudiatu du Ibarrolazak, eta are gehiago Santa Eufemia eguna heltzear dagoenean.
Ibarrolazaren berbetan, erabaki horren ondorioz Mañuko herritarrak eta hango saltokiak festa egun nagusi horretan «garraio publiko barik» geratuko dira, eta gauza bera gertatuko da iraileko domeka guztietan ere. «Turismo eta hondartza denboraldi altuan eta herriko jaietan egon arren, ez dituzte gure eskaerak kontuan hartu».
Hala eta guztiz ere, Bermeoko Udalak eskaerak eta aldarrikapenak egiten jarraituko duela adierazi du, «herriaren garraio publikoa hobetzeko helburuagaz eta kalitatezko garraio publikoa izateko».
Ibarrolazak aitortu duenez, Bermeoko Udalak Gaztelugatxetik igarotzen den A3517 linea iraileko aste egunetan mantentzeko ere eskatu zion Bizkaibusi, baina ez dute erantzunik jaso. Eskaera hori oraindik Gaztelugatxera doazen pertsonak asko direlako eta hondartza denboraldia ere badelako egin zutela azaldu du.
Une honetan, bide hori egiten duen autobusen A3524 linea dago erabilgarri, eta horregaz batera, bi ordutik behin bertara doan zortzi pertsonako taxia erabiltzeko aukera ere badagoela jakinarazi du udalak.