Marmitako lehiaketarako izen ematea, zabalik
Mutrikuko Galbaixoetako marmitako lehiaketan parte hartu nahi duten kuadrillek eguaztenera arteko epea izango dute izena emateko. Interesa dutenek Alvaroren edo Sabinaren dendetara jo beharko dute, eta 6 euroko fidantza ordaindu taldeko.Txoko Eder elka...
Txoko Eder elkarte gastronomiko kideek aurreratu dutenez, talde bakoitzean, gehienez, bi lagun onartuko dituzte, eta lehiaketa bertan, gehienez, hamasei bikotek parte hartu ahal izango dute. Izena emandako talde kopurua handiagoa balitz zozketa bidez erabakiko litzateke zein taldek parte hartuko lukeen.
Lehiaketa, ohi bezala, Galbaixo Txiki Egunez egingo da. 10:00etan hasiko da Beheko Plazan, eta hiru orduko tartean hamabost lagunentzako marmitakoa prestatu beharko dute parte hartzaileek. Sari banaketa, berriz, 14:00etan egingo da. Bikote irabazleak 250 euro eta txapelak jasoko ditu, eta hurrengo bost taldeek ere edukiko dute saria. Jarraian, enkantea egingo dute Beheko Plazan.
Antolatzaileek taldeko 3 kilo hegaluze, 4,5 kilo patata, olioa, gatza eta sua banatuko dituzte. Gainerako osagaiak eta tresnak eramatea talde bakoitzaren esku geratuko da: lapikoa eta bestelako tresnak, piper berdeak edota gorriak, txorizo piperrak, kipula, ogia, pipermina eta tomateaz soilik barazkiak gehitu ahal izango zaizkio marmitakoari. Gogorarazi dutenez, ezingo da bizigarririk erabili.