Lagun artean ondo pasatzeko aukera bikaina
Kuadrillen arteko lehia antolatu dute lehenengoz Txosna Batzordeko kideek. Andra Mari jaietarako antolatutako ekintzetan herritarren parte hartzea bultzatzeko aukera ezin hobeak dira lehiaketako ekintzak.Kalean sortzen den giroa da herriko jaietan esan...
Kuadrillen arteko lehia antolatu dute lehenengoz Txosna Batzordeko kideek. Andra Mari jaietarako antolatutako ekintzetan herritarren parte hartzea bultzatzeko aukera ezin hobeak dira lehiaketako ekintzak.
Kalean sortzen den giroa da herriko jaietan esanguratsuena, eta egunerokotasunetik kanpo dagoen usain zein kolore berezia hartzen dute Bermeoko kaleek, tabernek zein plazek andramarietan. Herritarrek jai giroz betetzen dituzte Bermeoko txokoak, eta antolatutako hamaika ekintzetan parte hartzeko aukera edukiko dute aurten ere.Oraingoan, berezitasun bategaz datoz zenbait ekintza. Izan ere, lagunarteko giroa bultzatzeko asmoagaz, Kuadrillen Lehia antolatu du Txosna Batzordeak.
Herritarrek jaietako ekintzetan «parte hartzeko eta ondo pasatzeko» helburuagaz sortutako lehiaketa dela azaldu dute batzordeko kideek. «Lehiaketaren helburua ez da irabaztea, parte hartzea eta ondo pasatzea baizik; jaietako ekintzetan parte hartzea, hain zuzen ere».
Txiki, gazte zein nagusientzat antolatutako ekintza da, «herritar guztiei zuzendutakoa». Guztira, 11 ekintza puntuagarri egongo dira andramarietan, eta proba gehienak asteburuan izango diren arren, aste barruan ere lehiaketagaz ondo pasatzeko aukera izango dute bermeotarrek.
Gaur bertan ospatuko den jaietako jaitsiera izango da lehenengo proba puntuagarria. Bertan parte hartzen duten kuadrillei puntuazio jakin bat emango diete. Puntuaketari dagokionez, puntuazioak probaren araberakoa izango direla jakinarazi dute antolatzaileek. Esaterako, Mozorro Gauean mozorro landuenak eramango ditu puntu gehien, eta Tortilla Txapelketan, berriz, gustu gozoena duenak.
Edozein kuadrillak parte har dezakeela argitu dute, eta herritar guztiak animatu dituzte lagunarteko lehian parte hartzera.
Horretarako, lehenengo hiru probak egin aurretik, izena emateko aukera edukiko dute interesatuek. Gaur, txosna gunean, 15:00etatik 17:30era eman ahal izango da izena. Beharrezkoa da talde bakoitza bost pertsonak edo gehiagok osatzea.