Bermeoko Udalak salatu du Bizkaibusek ez dituela bermeotarren eskaerak kontuan hartu
Bizkaibusek Bermeoko herriaren “eskaerak eta beharrizanak” ez dituela kontuan hartzen salatu du Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak.
Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen dituen A3527 linea domekatan eta jai egunetan ere jartzeko eskaria egin zion udalak Bizkaiko Foru Aldundiari, eta, aldundiak “ez zuela eskaera kontuan hartu” esan du Ibarrolazak: “Ez zuten gure eskaera erantzun ere egin. Gainera, orain Bakioko Udalaren eskariz eta hondartzen denboraldiarekin bat etortzeko, A3516 Bilbao-Mungia, A3518 Bilbao-Mungia-Bakio eta A3527 Bilbao-Mungia-Bermeo lineen egutegia irailaren 30era arte luzatzea erabaki dute”.
Bizkaibusen erabaki horren aurka agertu da alkateordea, “horrek Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen dituen A3527 linea gabe geratzen garelako bermeotarrak”. Autobus linea hori “ezinbestekoa” dela argudiatu du Ibarrolazak, eta are gehiago Arrantzale eguna eta Santa Eufemia eguna heltzear daudenean.
Ibarrolazaren berbetan, Mañuko herritarrak eta bertako komertzioak festa egun nagusi bi horietan “garraio publiko gabe” geratuko dira, baita iraileko beste domeka guztietan ere.
“Turismo eta hondartza denboraldi altuan eta herriko jaietan egon arren, ez dituzte gure eskaerak kontuan hartu”, adierazi du Ibarrolazak. Hala ere, Bermeoko Udalak eskaerak eta aldarrikapenak egiten jarraituko dutela adierazi du, “herriaren garraio publikoa hobetzeko helburuagaz eta kalitatezko garraio publikoa izateko”.
Gaztelugatxe. Ibarrolazak aitortu duenez, udalak Gaztelugatxetik igarotzen den A3517 linea iraileko aste egunetan mantentzeko ere eskatu zion Bizkaibusi, baina ez dute erantzunik jaso. Eskaera hori, oraindik Gaztelugatxera doazen pertsonak asko direlako eta hondartza denboraldia ere badelako egin zutela azaldu du.
Momentuz, bide hori egiten duen A3524 linea dago erabilgarri, bai eta bi ordutik behin bertara doan zortzi pertsonako taxia ere.