Uda agurtzeko azken traka
Erdotzan, Gizaburuagan, Gorozikan, Kanalan, Munitibarren, Muruetan eta Nabarnizen dena prest dute andramarietarako. Askotariko ekintzaz beteriko egitarauak dituzte aukeran bihartik domekara.Udako azken egunak ere jai giroz beteta datoz Lea-Artibaira et...
Erdotzan, Gizaburuagan, Gorozikan, Kanalan, Munitibarren, Muruetan eta Nabarnizen dena prest dute andramarietarako. Askotariko ekintzaz beteriko egitarauak dituzte aukeran bihartik domekara.
Udako azken egunak ere jai giroz beteta datoz Lea-Artibaira eta Busturialdera. Zapatuan Andra Mari eguna ospatzeko gogotsu daude Markina-Xemeingo Erdotzan, Gizaburuagan, Gorozikan, Kanalan, Munitibarren, Muruetan eta Nabarnizen. Gainera, gizaburuagarrentzat eta nabarniztarrentzat jai nagusiak dira andramariak.Gizaburuagan, esaterako, txapel jaurtiketaren zein gurpil biraketaren lehia izango dituzte zapatu eguerdian ondo pasatzeko. Arratsaldean ere giro alaia izango dute, briska eta tortilla txapelketetan elkartuko baitira.
Herritarren lana ondo sarituko dute aurten ere; briskako txapeldunek garaikurra eta 130 euro jasoko dituzte, eta tortillen lehiako irabazleentzat 100 euro eta garaikurra egongo dira. Txapelketa bietan lehenengo lau sailkatuak sarituko dituzte.
Oibarko Eguna ere berezia da gizaburuagarrentzat. Eguerdian, Oibarko ermitan meza entzun, eta hamaiketako ederra izango dute, gaiteroen soinuak lagunduta.
Nabarniztarrek ere ohituraz betetako jai kuttunak dituzte. Tradizioari eutsiz, makailao janagaz hasi eta morokil janagaz amaituko dituzte andramariak. Zapatuan, berriz, frontoian batuko dira, herri bazkarian. Azken lau urteotan, bertan bazkaltzen dute, mozorrotuta. Lehenago plaza izaten zen mozorrotuen bilgunea, eta erakustaldia egiten zuten. Orain, berriz, ume, gazte zein helduak frontoian batzen dira, giro ederrean.
Nabarnizen zein Munitibarren gaur da zapatuko herri bazkarietarako txartelak eskuratzeko azken eguna. Nabarniztarrek Elexalde auzoko hiru tabernetan erosi behar dituzte, eta munitibartarrek, ostera, udaletxean izena eman behar dute.
Kirola
Herriko jaietan kirol eskaintza zabala egoten da, eta Andra Mari jaiak ospatzen diren herrietan pilota partiduak izango dira protagonistak. Hain zuzen, Gizaburuagan umeen pilota partiduak dituzte zapatu eguerdian, eta Nabarnizko frontoian alebin, txiki eta nagusi mailetako pilotariak batuko dira domeka arratsaldean. Aurtengo berrikuntza nagusien partidua izango da, eta pilotarien artean etxeko bat egongo da: Aitor Etxebarria.
Muruetan, berriz, emakumezko eta gizonezko pilotari profesionalen lehiaz gozatuko dute. Besteren artean, Olatz Arrizabalaga gernikarra eta Leire Etxaniz etxebarritarra ariko dira zein baino zein gehiago.
Beste alde batetik, bihar arratsaldean, pala txapelketaren finalak jokatuko dituzte Kanalan eta Muruetan.
Halaber, herri kirolik ere ez da faltako. Zapatu eguerdian gizon-emakumez osaturiko bikoteak trontzan lehiatuko dira, Muruetan. Munitibarren, berriz, domeka eguerdirako prestatu dute herri kirol saioa. Arratzuko Piratak, Trapaga eta Kabiezes taldeetako ordezkariek harrizulatze dema egingo dute. Talde arratzuarra Santos Arrietak, Xabat Erlegak eta Asier Zubiagak osatuko dute.
Gorozikako eta Kanalako bizilagunentzat ere jai kuttunak dira andramariak, eta barikutik domekara adin eta gustu guztientzako ekitaldiz bete dituzte egitarauak. Adibidez, zapatu gauean afari herrikoian bilduko dira gorozikarrak. Kanalan, aldiz, irudimena lantzeko tartea hartu, eta mozorrotu egingo dira iluntze eta gau partea girotuz.
Bihar arratsaldean hasi eta domekara arte Andra Mari jaiak ospatzen dituzten zazpi udalerriotan hamaika ekitaldi dibertigarri prestatu dituzte jai batzordeek. Paella, tortilla, mus zein briska txapelketak, disko jaiak, jokoak, tailerrak, mozorroak, antzerki, bertso nahiz dantza emanaldiak… Familian zein lagun artean elkartu eta aspertzeko astirik ez dute edukiko.