Saioa Etxebarria da Ajangizko alkate berria
Mikel Ander Zubizarretak dimisioa aurkeztu eta gero, Saioa Etxebarria da Ajangizko alkate berria.
Ajangizen alkate kargua hartzen duen lehenengo emakumezkoa da Etxebarria, eta azken urteetan Zubizarretagaz ibili da lanean. Etxebarria alkate denez, Gaizka Aspiazu kanpantxuarrak hartuko du udaleko zinegotzi kargu berria.
“Gogotsu” dagoela adierazi du Etxebarriak, eta orain lehen baino erantzukizun handiagoa duela badakien arren, bere lan taldeagaz “oso pozik” dagoela adierazi du: “Udalean lan egiten duten langile zein zinegotziek talde bikaina osatzen dute, eta pozik nago”. Hala ere, Zubizarretaren falta nabaritzen dela aitortu du alkateak, “batez ere bere lan egiteko modua”.
Legealdia bukatu bitartean, hainbat proiektu ditu aurreikusita Ajangizko Udalak. Epe laburrean, Kanpantxuko bidea zabaltzearen eta bidegorria egitearen obrak burutuko dituztela esan du Etxebarriak, bai eta herri mailako beste zenbait proiektu egingo dituztela ere. Besteak beste, herriko taberna berriztearen proiektua eta erositako Urruti baserriaren ingurua atontzearena dituzte esku artean.
Zubizarretaren agurra. Zazpi urtetan izan da alkate Mikel Ander Zubizarreta, baina, bere lanean sortutako “aukera ezin hobe” batek, “pena handiz” bere kargua uztera behartu duela adierazi du.
Alkate izatea “ohorea” izan dela esan du gainera: “Karguan hartutako erabaki guztiak, herriaren intereserako izan direlakoan hartu ditudala jakinarazi nahi dut, eta norbait minduta sentitu bada ez dela alkate eta udalaren intentsioa izan argitu nahi dut”.