Bariku gauean bota zuten txupina arteagarrek, hartara, jaiei hasiera emanez. Geroztik, ez dute etenik izan festek herrian. Gaur agurtuko dituzte jaiak, eta ez dute edonola egingo. Musikaz alaituko dute herria, eta horren ardura izango dute Gorka Knor-ek eta Artiako abesbatzak. 21:30ean hasiko dute folk-kontzertua.
Tortilla txapelketan, apatuan. Argazkia: Jasone Barrena.
Hala ere, gaua bitartean, izango da zegaz gozatu. Antolin Deunaren ermitara igotzeko hitzordua jarrita izan dute goizean, eta horri hutsik egin barik igo dira. Behin bertan, meza izango dute aukeran, eta horren ostean, 14:00ak inguruan, berriro ere herrira egingo dute buelta, kalejiran. Herriko enparantza izango dute gero elkargune, bertan egingo baitute apar jaia. Herriko txiki eta gaztetxoek ondo pasatzeko aukera aparta izango dute bertan.
Arratsaldean, ume, gazte zein helduentzako aukera emango dute herriko festek; izan ere, Rojo Telon taldeak
Haiek naiz antzezlana antzeztuko du kalean.
Gaur jaietako azken eguna badute ere, atzo eta barikuan jai giroan murgilduta ibili dira herritarrak zein ingurukoak. Hainbat lagun elkartu zituen, esaterako, atzo tortilla txapelketak. Nork bere tortilla prestatu ostean, herri bazkarian bildu ziren adin guztietako herritarrak. Bapo jan ondoren, gorputzak mugitzeko beta ere izan zuten, disko festan. Mozorrotu ere egin ziren.
Lanbide zaharrak gai legez hartuta, egun batez itxuraz aldatzeko aukera aprobetxatu zuten. Eta beste hainbat herritan egiten duten legez, gaua erromeriaren musikaren konpainian bukatu zuten.
Barikuan, txupina. Barikuan ere izan zen zer edo zer herrian. Txupina jaurti aurretik, gaztetxoentzako puzgarri eta tailerrak jarri zituzten, goizean. Arratsaldean, berriz, kirolak hartu zuen nagusitasuna: herriko Montorre pilota eskolako umeek partiduak jokatu zituzten, eta horien atzetik iritsi ziren nagusiak: Asier Olaizolak Uriondogaz jokatu zuen Zugadi eta Otxondorenak osatutako bikotearen aurka.
Herrikoek hartu zuten berriro ere protagonismoa: dantza egin zuen Artie Dantza Taldeak, eta horiek bukatuta jaurti zuten txupina, jaiei hasiera emanez.
Barikuan ere, musikagaz agurtu zuten eguna: Hibai, Dr Bariku eta Lau Katu igo ziren oholtza gainera beraien musikagaz bertaratutakoak alaitzera.