Musika, bertso eta pailazoz girotuta egon dira uztaileko eguaztenak, Astran. Iluntzeetan doinu eta janari artean batuta egoteko ohitura hartu dute herritarrek, eta atzo, Josu Bergara musikari eatarragaz agurtu zituzten Astra Iluntzeak.
Elkarlana eta auzolana bultzatuz, herriko eragile desberdinek antolatutako ikuskizun desberdinekin gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Atzo, Sare eta Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideak izan ziren arduradunak; errefuxiatuak ibili ziren janaria egiten eta banatzen.
Josu Bergaraz gain, beste zeinbait artista igo dira aurten Astrako oholtza gainera. Bertsolariak izan ziren Astra Iluntzeak girotzeaz arduratu ziren lehendabizikoak, eta pailazoek eman zien jarraipena. Gero, Kicking & Alive taldeak doinuztatu zuen Astrako terraza, eta Mirian Inza sortzaileagaz gozatu zuten joan den astean.
Eragileen parte hartzea. Herriko taldeen parte hartzea beharrezkoa da Astra Iluntzeak gauzatzeko, beraien lanagaz girotzen baitituzte iluntzeak. Aurten, Lilibertsok, Urdaibaiko eskola jantokien ekimenak, Lobak taldeak, Arkibaik, Tukatukada taldeak, Biztu irratiak eta Swingtxakuk hartu dute parte.