"Hurbileko" ur partzuergoaren alde egingo dute bihar, Gernika-Lumon
Busturialdeko ur partzuergoaren aldeko aldarrikapena egingo dute bihar, 18:00etan, Merkurion.
Busturialdeko herritar talde bat eskualdeko ur partzuergoaren aldeko aldarrikapena egiteko lanean dabil, eta herritar guztiei aldarrikapenean parte hartzeko deia egin die.
Busturialdeko ura “hurbil” egon behar dela azpimarratu nahi dute aurkezpenean, “partzuergoak baduela etorkizuna” argi uzteko. Gainera, Busturialdean ur partzuergoa izatea “uraren kudeaketarako bitartekorik onena eta gertukoena” dela aitortuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek.
Kalitatezko enplegu publikoa eskatuko dute, eta ur partzuergoaren kudeaketa publikoaren alde egingo dute. Hala, gaur egungo ereduagaz “jarraitu” behar dela aldarrikatuko dute.
Horretarako, Busturialdeko ur partzuergoak dituen erronkez hitz egingo dute; ingurumenaren arloa, partzuergoaren egitura eta arlo ekonomikoa izango baitituzte aztergai.
Nondik norakoak. Ekainaren hasieran hasi zen Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaian integratzeko izapideekin, eta ordutik, erabaki horren kontra agertu dira hainbat aldiz partzuergoko langileak. Asanbladan batu ziren ekainean, eta proposamenak eraman zizkieten partzuergoko arduradunei. Hala, baina, langileen azken agerraldia, Lumoko ekaineko osoko bilkuran izan zen.
Bertan, informazio falta salatu zuten, eta euren egoeragatik kezkatuta zeudela jakinarazi zioten Gernika-Lumoko alkaterari.
Alderdi politikoek iritzi kontrajarriak dituztela argi geratu da azken hilabeteetan. EAJ Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaian integratzearen alde agertu da, eta EH Bildu, berriz, “hurbileko eredu publikoaren” alde.