Salbuespeneko kartzela politiken aurkako elkarretaratzea egingo dute Busturian
Busturiko Sarek egingo duen lehen ekintza publikoa izango da elkarretaratzea.
Eguaztenean, uztailaren 25ean, batuko dira Axpe auzoko bus geltokiaren aurrean, 20:00etan. Bizkaia mailan Euskal Presoak sufritzen ari diren isolamendu kanpaina salatzeko ekimena egiten ari dira, sareko kideek gai hori eskualdera ekarri nahi izan dute. Euskal presoen %94 isolamenduaren lehen gradua aplikatzen zaiela salatzen dute ekimenaren arduradunek, espetxeko biztanlego osoaren %1ari soilik ezartzen zaion erregimena.
Hala, 20 ordu inguru ziega batean ematen dituztela azaldu dute sarekoek, aktibitate murriztuagaz, komunikazioen kontrolagaz eta bide judizialean aurrerapausoak emateko ezintasunagaz. Isolamendua “Erregimen latzen artean latzena” dela diote elkarretaratzea egiteko deialdia egin dutenek, eta legearen arabera 14 egunez bakarrik luzatu ahal den arren, erregimen hori 31 euskal presori “hilabete eta urte luzez” aplikatzen zaiela salatu nahi dute.
Deialdi zabala. Presoen eskubideak “baldintzatuta” daudela azaldu nahi diete sareko kideek herritarrei. Adierazi dutenez, Busturiko herritar eta talde guztiak gonbidatu nahi dituzte elkarretaratzera, “deialdi zabala” eginez, eta etorkizunean ekimenaren jokatzeko modua hori izango dela azaldu dute.