Zapatu gaueko final-laurdenean
Barandika eta Hernandezi irabazita lortu zuten Gernika Jai Alai Grand Slamaren finalerdietarako txartela.
Abuztuaren 4ean ariko dira zein baino zein gehiago
Beaskoetxea-Ekhi eta Goikoetxea-Lekerika bikoteak. Partidu ikusgarria izango dela aurreikusten dute antolatzaileek. Aurretik, zapatu honetan (
uztailak 28),
Egiguren II eta Irastorza eta Olha eta Etchetoren arteko finalaurrekoa lehiatuko dute zesta puntaren katedralean.
Emozio handiko bi partiduz gozatu zuten Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian bildutako zaleek. Bi partiduetan hirugarren set-a beharrezkoa izan zen finalaurrekoetara sailkatuko ziren bikoteak erabakitzeko. Hala, bi neurketetan batik bat bigarren eta azken set-ak izan ziren emozio bizikoak, eta ikusleen txaloak bereganatu zituztenak.
Bi partiduen artean, 63 urtegaz barikuan zendu zen
Victor Bereikua, Elorrio puntista markina-xemeindarra omendu zuten. Haren omenez, besoko beltzagaz jokatu zuten zortzi pilotariek.
Elorrio Miami Vice telesail ospetzuaren hasierako kredituetan agertzen zen eta
Jai Alai Blues dokumentalerako elkarrizketatu zuteneko bat da.
Letxuga ezizenez ere bazen ezaguna. Miamin bizi zen arren, Markina-Xemeinen zendu zen.
Ethceto eta Olha Jai Alain, zapatuan.
Argazkia: Jai Alai News.
Gaueko lehen final-laurdenean,
Olhak eta Etchetok ezustekoa eman zuten, iazko bikote irabazlea txapelketatik kanporatuta. Lehenengo set-ean 6-15 nagusitu ziren Olha eta Etcheto; Olha bizi kantxaratu zen, eta Etcheto serio eta seguru. Gero, Olharan eta Lopez suspertu egin ziren, eta eurentzat izan zen bigarren set-a: 15-12. Azkenean, 4-5 emaitzagaz Olha eta Etchetorentzat izan zen garaipena.
Ondoren, kalitate zein parekotasun handiko lehiaz gozatu zuten ikusleek. 15-7 irabazi zuten lehenengo set-a Ekhik eta Beaskoetxeak. Bigarrena, berriz, Hernandezentzat eta Barandikarentzat izan zen: 10-15. Hirugarrenean, Ekhik eta Beaskoetxeak ez zuten barkatu: 5-2. Bi aurrelari gernikarrek ikuskizun polita eskaini zuten etxean, eta tantu ikusgarriak egin zituzten biek ala biek.