Snatt's Femeni Sant Adriaren kontra hasiko du liga Lointekek
Aurten ere Open Day-agaz hasiko da Dia Liga, urriaren 13an. Talde denek leku berean lehiatuko dituzte partiduak. Iaz Madrilen (Espainia) egin zuten lehenengoz egun berezi hori, eta aurten Madrilen edo Valentzian (Herrialde Katalanak) egingo dute. Pare ...
Espainiako Saskibaloi Federazioan eguaztenean egin zuten ligaren egutegia erabakitzeko zozketa, eta iaz moduan, aurten ere, Lointek Gernika Bizkaiarentzat Snatt’s Femeni Sant Adria talde katalana izango da denboraldiko lehenengo aurkaria.
Zenbait berrikuntzagaz dator denboraldia. Oraingo honetan zortzi taldek lehiatuko dituzte Erregina Kopa eta ligako titulua lortzeko kanporaketak. Gainera, hirugarren epailea ere egongo da partiduetan.
Talde gernikarrak urriaren 17an jokatuko du etxeko lehenengo partidua. Emakumezkoen Ligara igo berri den Valencia BC izango da Malosteko lehen aurkaria. Han daude Lointekeko jokalari izan diren Maria Pina eta Anna Gomez valentziarrak.
Dia Ligaren egutegia 26 jardunaldik osatuko dute. Lehenengo buelta abenduaren 30ean amaituko dute, eta 2018-2019 denboraldiko azken jardunaldia apirilaren 7an lehiatuko dute.
Gernika-Lumoko taldeak RPK Araskiren kontra lehiatuko du denboraldiko lehenengo derbia. Bi taldeak Malosten ariko dira aurrez aurre, azaroaren 10ean. IDK Gipuzkoaren kontra lehenengo bueltako azkenengo partiduan jokatuko du Jose Antonio Gasca Kiroldegian, abenduaren 29an.
Abenduaren 30ean lehenengo zortziren artean dauden taldeak sailkatuko dira Erregina Koparen lehiara.
Halaber, ligako titulua lortzeko kanporaketen egutegia ere zehaztu dute. Final-laurdenak apirilaren 10ean, 14an eta 17an lehiatuko dituzte (zortzi talde, hiru partiduetan onena), eta finalaurrekoak apirilaren 20an, 21ean, 24an, 25ean, 27an eta 28an izango dira (lau talde, hiru partiduetan onena). Finalera sailkatzen diren bi taldeek maitzaren 2an, 5ean eta 9an jokatuko dituzte partiduak.