Herrietatik auzoetara, Madalen jaietan
Auzoak dira Urriola, Zeinke-Ziarregi eta Madalena; baina festa herri handietan bezala egin daitekeela erakusten dute urtero Madalen jaietan. Adin guztiei egokitutako egitarauak dakartzate Aulesti, Ziortza-Bolibar eta Berriatuko auzo horiek.Madalenak he...
Auzoak dira Urriola, Zeinke-Ziarregi eta Madalena; baina festa herri handietan bezala egin daitekeela erakusten dute urtero Madalen jaietan. Adin guztiei egokitutako egitarauak dakartzate Aulesti, Ziortza-Bolibar eta Berriatuko auzo horiek.
Madalenak herri bategaz edo beste bategaz lotzen dituzte askok, eta ospe handiagoa daukate batzuek besteek baino. Mutriku, Elantxobe, Bermeo eta Mundaka bezalako herriei lotuta daudela uste dute batzuek, baina, horietan ez ezik, bestelako herri eta auzoetan ere ospatzen dute Madalen eguna. Eta horren aitzakiapean, aurreko zein osteko egunak ere aprobetxatzen dituzte jai giroan murgiltzeko.Berriatua, Ziortza-Bolibar eta Aulesti dira, esaterako, hori hala dela ziurtatzen dutenak. Horietan, hala ere, auzoetan elkartzen dira madalenetan.
Ziortza-Bolibarren, adibidez, Zeinke-Ziarregi izaten dute Madalen jaien topagune. Aurten ere, leku berean jarri dute ordua bihar, etzi eta astelehenerako. Oraingoan, gainera, berritasunak dakartzate. Lehen, afarian elkartzen ziren lehenengo egunean, eta erromeriaz gozatzen zuten 23:00ak inguruan hasita. Aurten, hala ere, eguerdian hasiko da jai giroa nagusitzen auzoan. Afaria barik, herri bazkarian biltzeko deia egin dute; izan ere, paella prestatuko du jai batzordeak bertaratzen direnenentzat. Erromeriak ere ez du hutsik egingo, baina goizago hasiko da ingurua girotzen, iluntzean, hain zuzen. Afaltzera eta gaueko erromerira geroz eta jende gutxiago bertaratzen zelako egin dute aldaketa, batik bat. Gainera, hurrengo egunean ere jaiak jarraitzen du auzoan.
Jaietan arrakasta gehien izaten duten bola eta briska txapelketa jokatuko dute hurrengo egunean. Lehen mus txapelketa ere antolatzen zuten, baina «jende gutxik» parte hartzen zuen.
Astelehenean, berriz, umeek ondo pasatzeko eguna izango da; beraientzako ohiko jolasak prestatuko dituzte.
Aulestin, bestalde, Urriolan ospatzen dituzte madalenak. Urteroko egitarauari eutsiko diote aurten ere.
Auzotarrak zein herritarrak biltzen dituzten festak dira Urriolakoak, eta adin guztientzako egitaraua ziurtatuta izaten dute. Bihar elkartuko dira auzoan, eta mezaren ostean, tiragoma txapelketa egingo dute 16 urtetik beherakoen artean. Horren ostean etorriko dira gainontzeko jarduerak: briska porra, umeen jolasak, txokolate jana, balinezko txapelketa eta erromeria.
Txerri harrapaketa
Goizaldean egiten duten txerri harrapaketak, esate baterako, bertaratutakoen arreta bereganatzen du. Erromeriak atsedena egiten duen tartea aprobetxatzen dute txerria askatzeko; herritarrak berau harrapatzen saiatzen dira. Hainbat bitxikeria bizi izan dituzte txerriagaz, eta aurten ere halakorik izango ote duten jakinminagaz dira. Jende ugari batzen du ekintzak, eta barre-algarak egiteko aitzakia paregabea izaten da.
Berriatuan, berriz, jaien izen bera duen auzoan ospatuko dituzte festak. Gaur bertan emango diete hasiera jaiei, bolandera eta kanpai hotsekin. Madalen bezperan briska eta mus txapelketak jokatuko dituzte, ohi legez, eta Madalen egunerako utziko dituzte idi probak eta herri kirol saioa. Gainera, egunak soinu eta itxura berezia hartuko du egun horretan, trikitilari, bertsolari eta dantzariek girotuko baitute goiz, arratsalde zein iluntzea Madalena auzoan. Eguna bukatu orduko, gainera, zozketa ere egingo dute urtero legez: batetik, janariz eta edariz betetako orga eder bat eskuratzeko aukera izango dute zozketan parte hartzen dutenek, eta, bestetik, Berriatuko Laka-Erdi sagardotegian bi lagunentzako afaria zozkatuko dute.