Araneko erabiltzaileak «pozik» daude jasotako zerbitzuekin
Bermeoko Udalak udalerriko Arane kiroldegiko ekintzetan parte hartzen dutenen gogobetetze mailaren balorazioa egin du. Azaldu dutenez, iaz lortutako gogobetetze maila hobetzea lortu dute 2018an eskainitako ekintza eta jarduerekin. 2017an 8,25 puntuko g...
Irune Ormaetxea Bermeoko Kirol Saileko zinegotziak azaldu duenez, bi inkesta egin dituzte; alde batetik, lurreko kirol ekintzen asetasun maila ezagutzeko, eta, bestetik, uretako kirol ekintzena ezagutzeko. Lehenengoa 129 erabiltzaileren artean egin dute, eta bigarrena 83 erabiltzaileren artean.
Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, inkesta horiekin kirol ekintzetako erabiltzaileen gogobetetze maila ezagutu nahi dute, kudeaketa hobetzeko helburuagaz. Horretarako, hainbat alorri buruzko galderak egin dizkiete parte hartzaileei; besteak beste, ekintzei, izena emateko prozedurari, antolaketari, kopuruari, ordutegiari eta prezioari buruzkoak. Horrez gain, kirol zerbitzuak gomendagarriak diren galdetu diete.
Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak egindako inkesta horien arabera, lurreko ekintzen parte hartzaileen bataz besteko gogobetetze maila 8,40 puntukoa da, eta uretako ekintzetan parte hartzen dutenena 8,64koa; azken horretan iaz baino puntu bat gehiago lortu dute.
Datuak «oso onak» direla esan du Ormaetxeak, eta erabiltzaileak eskainitako zerbitzuekin pozik daudela adierazten dutela. Asebetetze maila «mantentzeko eta hobetzeko lanean» jarraituko dutela gaineratu du.