Ea, poesien eta sortzaileen agertoki berezia
Eako Poesia Egunak ospatu dituzte asteburuan 'Lurra, sustraietatik orri' lelopean. Sortzaileen topagunea izan da Ea, eta hainbat ekintza izan dituzte aukeran bertaratutakoek.Letrekin sortzen dira hitzak, eta hauekin esaldiak osatzen dira. Esaldien egit...
Eako Poesia Egunak ospatu dituzte asteburuan ‘Lurra, sustraietatik orri’ lelopean. Sortzaileen topagunea izan da Ea, eta hainbat ekintza izan dituzte aukeran bertaratutakoek.
Letrekin sortzen dira hitzak, eta hauekin esaldiak osatzen dira. Esaldien egiturekin jolastuta, poesiak sor daitezke; maita- sunari, politikari edota herri bati begiratzen dioten poesiak.Sortzaileen topalekua izan da Ea asteburuan, eta musikak eta poesiak girotutako kostaldeko herri txikienean inguruetako hainbat herritar batu dira. Berbaldiak, errezitaldiak, dantzaldiak, antzerkiak eta kontzertuak izan dituzte aukeran bertaratutakoek.
Kresal artean, baina lurra gai hartuta hamabosgarren urtez, bariku iluntzean eman zioten hasiera literatura topaketari. Mikel Laboaren bost pieza esperimentaletatik eratorritako Lekeitioak dantza ikuskizuna eskaini zuen Mizel Theret koreografo eta dantzari garaikideak.
Zapatuan, berriz, aukera zabala eduki zuten herritarrek. Ibai Atutxagaz euskal herritarrek egungo literaturan daukaten presentziaz aritu ziren hizketan Eskolondon. Eguerdian, Martin Bidaur eta Juanjo Olasagarre poetekin gozatzeko aukera izan zuten herritarrek moilan; emanaldia girotzeko, Trizak taldeko musikariak eta Eneritz Artetxe aktorea egon ziren.
Errezitaldia bukatuta, herri bazkaria egin zuten, eta 80 pertsona inguruk bazkaldu zutela jakinarazi dute antolatzaileek.
Antzerkia, kalez kale
Errezitaldiez gain, antzerkirako lekua ere egon zen Ean; kalez kale Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Zanbuia! aurkeztu zuten. Earako beren beregi sortutako antzerkiak alde batetik bestera eduki zituen herritarrak. Izan ere, hondartzan hasi eta moilan bukatu zuten ikuskizuna, baina tartean, frontoitik eta errekatik igaro ziren. Umorea, performance-a eta poesia batu zituen antzerkiak; herri arrantzaleetako bizimodua eta herritarren nondik norakoak landu zituzten aktoreek, herri txiki eta arrantzale bateko emakumeen lana azpimarratuz.
Asteburuagaz amaitzeko, Lurra, animaliak, emakumeak izeneko hitzaldia izan zuten Eskolondon; eguerdian, berriz, eMe taldearen eta Oier Guillanen kontzertua eduki zuten aukeran moilan. Eta Poesia Egunak La Basu rap kantariaren letrekin agurtu zituzten datorren urteko hitzordura arte.